Tarteak, Txangoak, Tontorrak - Kronika
Eguzkitsu esnatu da eguna. Epelegia agian Donostian maratoi erdia egingo dutenentzat. Gu ere ez gara libratzen erretzeko arriskutik. Baina hobe horrela eguraldi goibel eta ezegonkorrarekin baino.
9:30etan autobusa hartzekotan geratu arren, minutu batengatik berandu iritsi diren bi kideri zain geratu gara (pekatarien izenik ez dut hemen jarriko) eta, ondorioz, ordu-laurden beranduago etorri dena hartu behar izan dugu. Beno, ezer larririk ez.
Astigarragan jaitsi bezain pronto (sagardoaren hiriburuan gaudela gogorarazten duen kupelaren ondoan), aldapan gora hasi gara. Sagardotegien ondotik aurrena, baserri eta nekazalturismoko etxeen artetik ondoren, porlana utzi eta harri eta lurrezko bide pikoetan barna altxatu gara, poliki-poliki, lehen izerdiak botaz, eguneko lehen tontorrera: Santiagomendi. Bertan, erromesen santuari eskainitako baseliza eta aterpetxeak hartzen du protagonismoa. Inguruko mahaietan kokatu gara, merezitako atseden eta hamaiketakoei lekua egiteko.
Haize zakarra altxatu da, hodeitza bel-beltza inguratu diguna. Inguruko mendien zerrenda nork osatuko gehien bota diogu elkarri erronka. Emaitza: ikusten diren mordoaren artean, taldearekin igotako mordoxka bat ikus daitezkeela ohartu gara: Erniozabal, Onddi, Andatza, Buruntza, Santa Barbara, Arratzain, Mendizorrotz. Ez dira gutxi, ikusten ditugunak… eta igo ditugunak. Ze ona gure zerrenda ere elkarrekin osatzen eta handitzen jarraitu ahal izatea!
Ohi bezala partekatutako fruitu lehor, gaileta, platano, ahabia, txokolatina eta ogitartekoek, adiskidantzaz beteriko elkarrizketarekin uztartuta, ez diote hodei beltzek ekarri nahi ziguten ezkortasunari haz zedin utzi. Eta, probidentziak bidali digun emakume batek tontorreko argazkiak atera ondoren, beherantz abiatu gara, tanta lodiak buru gainean baina irribarrea ezpainetan.
Maria Eugenia zaparrada eske sumatu dut, baina zeruak jakin duenean itxaroteko prest zegoela, su-etena eskaini eta ostarteak zabaldu dira berriz ere.
Asto pare jatorra agurtuta, lokaztutako bideak eta porlanezkoak lotuz, Astigarragako lurretatik irten gabe, hori bai, Perurena izeneko gainera ailegatu gara.
Zerrenda irakurtzeko garaia da, ea inor ez zaigun bidean galdu: Ismaila, Denis, Claudia, Fanny, Luis, Gladis, María Eugenia, Inés, Arantza, Kelin, Edwin eta ni neu. Denok gaude. Perfekto. Zerrendan zeuden batzuk bertatik erori dira gaixotasunak jota edo lana atera zaielako, baina izena emangabeko pare bat ditugu gurean. Talde polita oso.
Errepide bazterretik ehun metro inguru egin eta gero, handik ihes egin dugu gorantza zutitzen zen xendra piko batetik. Euforiaz betetako aurpegiak igarri ditut inguruan, penditza altxatzen den bakoitzean gertatzen den fenomeno bitxia berau. Gladis, aldapari begiratzea saihesteko, sendabelarrak biltzen dator; Kelinen koloreak eguzkiak eragindakoak zirela uste nuen, baina beste zerbaitengatik piztu dela ohartu naiz; Luis erraz dator, umorez; Edwin, tribua zaintzen; Arantzak ez dirudi amona, berarentzat dena aldapan behera dela dirudi, nahiz eta, diximulatzeko, kontrako aipamenik egin duen tarteka; Inés burutik beherakoarekin etorri da, baina ia ez zaio antzematen, urtxintxa bezain arin baitoa; Maria Eugenia taldetik tiraka doa, antzematen da betiko sasoiari kirol dosi gehigarriak erantsi dizkiola; Claudiak ez du, aldapak aldapa, irririk galtzen; Ismaila eta Denis ondo moldatu dira elkarrekin, agerikoa da, eta mundua konpontzen doaz aurrera; Fanny, denbora luzez ibiltzera irten gabe egon den arren, ederki ari da moldatzen; niri lanak pilatzen zaizkit bideotik argazkira pasatzen eta argazkitik bideora, baina gozatzen ari naiz, bideaz eta konpainiaz.
Konturatzerako (ez dakit denek izenpetuko luketen hau), Txoritokietako gotorlekura iritsi gara. Lastima izan da tontorra zapaldu ezin izana, sarrera itxita topatu baitugu, duela hilabete batzuk hor zegoen zubi altxagarria faltan. Ez dio axolik. Argazkia atera eta beherantz joan gara. Hemendik aurrera, gaztainaren festan murgildu gara. Bazegoen bai kiloka biltzeko adina; batzuk horrela egin dute, baita mordo bat jan ere, ordua ere horretarako txarra ez da eta.
Inési, etxe ondoan egonik, agur esan diogu Lau Haizetan. Gainontzeko guztiek Sagastiederreraino joanez osatu dugu ibilbidea, ahuntzen eta ipotxen baserrien ondotik igarota, baita Garberatik ere.
Aurpegi nekatuak atsegin aupegiak ere bazirela iruditzen zait. Musuak eta besarkak agurrean, siesta galantaren ataria.
Laburpen esaldi bezala "paseo bikaina izan da" idatzi nahi nuen, baina "bikaina izan da" besterik ez dut esango, "paseo" kontzeptuaren inguruan iritzi kontrajarriak antzeman baititut.
Mila esker guztioi! Plazer bat izan da.
Xabi Ariznabarreta