Irteera Kulturala Irun - Kronika
Igande honetan, azaroak 24, Irun aldera hurbildu gara elkar ikusi eta goiz-pasa kultural bat igarotzeko.
Topoz iritsi gara gehienok hara. Maria Eugenia gidari, Oiasso museoraino gerturatu da taldea. Umeak, gazteak eta ez hain gazteak, han ibili gara, gora eta behera, mapa zaharrak, erromatar garaiko aztarnak, erabiltzen zituzten tramankulu bitxiak eta abar luzea ikusten.
Garai hartako ohiturak ezagutu ditugu, bizimodua modernizatzeko egin zituzten ekarpenak.
Bukatzeko, hemen, itsaso ondoan, erromatarrek eraiki zuten hiriaren historiaren zati bat jasotzen duen bideoa jarri digute, gidariak emandako azalpenak osatzeko.
Handik irtendakoan, paseo txiki bat eman dugu -eguraldi politak atsegin egin duena- Xantalen ermitaraino. Han ere azalpenak entzun ditugu, denboran oso oso atzera eraman gaituztenak. Barruan gordetzen dituen ermita zaharra(goa)ren aztarnak genituen han zain, besteak beste. Zenbait altxor kutxatan ezkutatu edo gordetzen diren bezala, gaurkoan altxorra den kutxa horren barruan gu egon gara gordeta. Bai une berezia!
Goizari errematea jartzeko, Mariaren Lagundiak Irunen, handik oso gertu, duen moja beteranoen etxera hurbildu gara, asko estimatu duten bisita egitera. Bertako amonen adinak batuta, Xantalen garaira ez ezik, Erromatarrek Oiasso eraiki zutenekora iritsiko ginateke. Guretzat ere gozagarria (eta goxagarria, atera dizkiguten bonboiei esker) izan da haiekin denboratxo hori pasatzea.
Esker berezia cicerone izan dugun Mª Eugeniari, bitarteetan etxea duen inguruko bitxikeria eta informazio interesgarriak partekatzeagatik, bisita are aberastu baitu horrela.
Eta eskerrak, nola ez, parte hartu duzuen guztioi. Goiz polita izan da. Hurrengo batean, gehiago.
Xabi Ariznabarreta