Kronika - Familia Konstelazio Tailerra

26/03/2022

Larunbata, aukerak irekitzen dituen eguna. Beno, hobeki esanda, garrantzitsuagoa iruditzen zaigun horretara bideratu dezakegun eguna, betebeharrek aukera ematen diguten heinean edo, garrantzitsua den horretan arreta jartzeko, larritasunak atzeratzeko gai baldin bagara. Gaurkoan, hurbildu garenontzat, garrantzia zuena gu eta gure sistemak ziren.

OnDoaN-era iritsi gara eta, ohi bezala, modu pertsonal eta amultsuan egin digute harrera. Atsegina da itxaroten duten norbaiti bezala begiratua izatea; egun horretan, etxean bere lekua duen norbaiti bezala. Abegi egin eta jasotzea garrantzitsua da, badakigu, eta sentitzea ordainezina da.

Tailerra gaudenoi zuzendutako begirada batekin abiatzen da. Zenbait arrazoi tarteko, batek baino gehiagok ezin izan du etorri. Taldea, hortaz, ohikoa baino txikiagoa da; beraz, topaketa bertan behera uztea izan zitekeen aukeretako bat. Nork daki! Bizitzak/bizitzak iruditzen zaion bezala eraentzen du.

Horretaz, posible izan den horregatik esker onez, jardueran murgildu gara: bikoteka elkar behatu eta ikusi; gurasoei eta aurrea hartu diguten belaunaldiei begiratu beraien bizkar; gaurkoan agertze berezia duen gure bizitzaren eremuari begiratu (egungo familia-sistema, gizarte mailakoa, lan eremukoa...). Honela, Konstelazioan landu genezakeen arlora hurbiltzen joan gara. Hori bai, hala nahi izan den neurrian.

Etenaldi bat! Begiradak artatzen eta pasaratzen jarraitzeko denbora. Energiaz eta pozez betetako denbora lasaia.

Konstelazioetarako emandako denbora beren kontuak lantzeko prest egon diren pertsonen joan-etorria izan da. Zera azaleratu duten lanak: amaitu gabeko doluei arreta eskaintzeko beharra; bere lekua hartzearen garrantzia; bizitzari begiratzeko ausardia... Esker onaren iturri izan diren ulermenak eta, aldi berean, aintzat hartu eta/edo landu behar den horren inguruko kontzientzia.

Eta, horrela, tailer horretarako ezarritako denbora amaitu da. Ez da deus ere izan soberan, are gehiago, behar genuena izan da.

Espero genuena eta ohikoa dena baino gutxiago izan gara eta, aldi berean, begirunez eta maitasunez elkarri begiratzeko topaketa izan da. Ekarri ditugun sistemetara eta haietako kideengana zabaldu ahal izan den begirada. Topaketa bat, gaurkoa, arima pertsonal eta familiar samurrenarekin amaitu dena, arimaren egia begirunez eta errukiz begiratzetik sortzen den samurtasuna.

Nork daki! Bizitzak/bizitzak iruditzen zaion bezala eraentzen du. Agian, Hark eskainitako aukera umiltasunez eskertzea da dagokiguna.

Ion Loiola