Kronika - Familia Konstelazio Tailerra
ASKATU ETA BESARKATU
Negu buruan, eguzki printza zuriz hornitzen da hiria ... konstelaziorako biderantz, goiz hotzari, barne kilika batek laguntzen dio. Galdera asko borbor buruari espazioa eman nahiko bagenio. Nortzuk egongo gara, zein gai aterako dira, hautatutako gaia aterako dut? Arnasa sakon hartu eta Lizarra kaleko aldapari ekitearekin bat, goizeko jardunean bidelagun izango direnak irribarretsu (musukoak ez du dena tapatzen) agurtzera biltzen dira.
Paulik harrerako atea irekitzearekin bat, osotasunean giroaren epeltasunak biltzen gaitu gorputzak berotzen, eta bihotzak berotzen aspaldiko besarkada beroez. Arima ere pizten da elkar ikustean sortzen den festatxoarekin ...
Ospakizuna esnatzen doa, begirada eta ongietorrien artean barne kilikak hor darrai. Bakoitzak badakar hustu eta elkar banatzeko altxor ugari. Adeitsu, errespetuz jasotzeko prestutasuna ere sumatzen da. Eta zentrajean, adinez ordenatu ostean, bueltan-bueltan talde izaera nabarmentzearekin bat, zoriari ematen zaio pasu. Paulik alfabeto hebraikoko karta bat ateratzen du eguneko jardunerako. 3. zenbakia, Guimel!!!! Artzaina dugu taldearen zaintzaile, bertan maitekiro ardiak bailitzan gure argi eta itzal guztiak bildu ditzagun gonbidatzen zaigu, ezinbesteko denez bidea osotasunean egingo badugu.
Hasteko, taldeka, konstelazio ariketa bildumatxo bati ekiten diogu, Guimelek inspiratu gaituenetik abiatuta, bizitzara iristearekin gizaki orok komunean betetzen dugun baldintza, seme alaba garena alegia, gurasoen aurrean aitarekin, amarekin kostelatu gara. Arantzak bideratuta, Pauli, Eva, Eva, Manex, Amaia, Victor, Oihana, Raquel, Olatz, Erika, Henar, eta Marinarekin egongelak beste dentsitate bat dauka jada. Gurasoak beren harremana berentzako dela eta bakoitza guk ikusi bezala kokatu ondoren, bizia jaso dugula eskertzearekin bat, hauek utzi eta etorkizunera begira jarri gara. Jarraian, bizitzan ate joka dugun edo sarritan mugiarazten gaituen gai bat gogotara ekarriaz, bikoteka galdera zuzena egin diogu elkarri "Zer dakarzu, zer dago hemen niretzako?". Hauek eta gehiago korruan elkar banatzea egokitu da, eta giltzarrizko gaia mahairatu da, datorrena datorrela, aldaketa izateko, Maitasunetik eginez gero, egingarria dela; Egoak bere beharretik sortarazten duena, demagun amorrutik bada (eta hura bere horretan eta momentu jakinean ondo egonik ere) bueltan etortzen zaigula. Guzti hauekin, bizipen propioak, konstelazio-kideekin trukatzean, gaiak borobiltzen, argitzen, askatzen doaz gorputzean. Gertutasuna nabarmentzen da, eskertzari eskua emanda dago.
Saioaren bigarren txanpa talde konstelazioekin ematen da, anitza, desberdinak denak, lana, gurasoak, bikoteak. Kezkak eta ausardiak badute beren oparia, emozioen artean, arnasa, irekitasuna, "ulermen" berezia, biderako argia, eta arbasoengandik indarra, konstelatuaren begiradan irekitzen da ortzia. Taldean, norbanakoen gorputz ataletatik badoa berezko zaigun mezua barneratzen, hain gera berdinak ...
Egunean zehar, eskertza hitza nagusitu da, eta, halaber, maitasun harremanen sarean, maitasun handi batek batzen gaituenaren kontzientzia. Izan ere, sartu garenetik ez dugu besterik jaso, eta horrela goaz kalera, eskertze malko zantzuez beterik ...
Manex Aranburu