Kronika - Familia Konstelazio Tailerra

11/11/2023

Esaera zaharrak dio zerri guztiei iristen zaiela bere San Martin. Egun hori iritsita, data aproposa izan zitekeen aspaldidanik gertu izan dudan proposamenari behingoz baietza luzatzeko. Ez naiz luzatuko aipatu animaliarekin izan ditzakedan antzekotasun eta aldeak aletzen, baina, urdeak ez bezala, heriotzarekin nolabaiteko lotura baduen ariketak egin baditugu ere, heriotzatik oso urrun sentitu dudan argi izpi bat eskuratzea lortu dudala esango nuke, urte honetako San Martin egunez.

Ez dut ukatuko apur bat beldurtuta hurreratu naizela, niretzako zeharo berria den jarduera bat bainuen aurretik, eta bai bainekien ez nindoala ez hitzaldi soil bat entzutera ez ikastaro bat jasotzera. Egoki kokatuko ote nintzen, asmatuko ote nuen, han bizitakoak zenbateraino iritsiko zitzaidan, zenbateraino biluztu behar ote nuen neure burua, zerbait ukituko ote zidan hark eta zerbait mugituko ote ninduen… jakin gabe joateak, segurtasuna ematen duen heldulekurik gabe uzten ninduen, eta ezinegon txikia eragin.

Baina banekien nora nindoan eta noren eskuetan nintzen jartzekoa: OnDoaNera eta Arantzarekin. Konfiantzaren eta bertaratzeko jasotako animoen bultzadak nahikoak izan dira kezkak garaitu dituen adorea pilatzeko.

Emaitza? Oso positiboa.

Horren adierazle nabarmenena izan daiteke goizez parte hartzeko asmoz joanda, arratsaldez ere geratzea erabaki dudala.

Ez dugu hitzaldirik jaso, ez, baina bai geure "zerbait" konstelatzera animatu garenok konstelatu aurretik bideratzaile izan den Arantzak, kokatzen eta berotzen joateko egin dituen ariketetan esandako hitzak goxo bezain sakon iritsi zaizkit, beti lagungarri.

Ez dugu ikastaro bat jaso, ez, baina bai irakaspen ederrez betetako bizipenak.

Bertara hurbildu garenok osatu dugun sistema, kohesioa indartzeko eta elkarrekiko energiak egoki lotzeko egin den lanketaren ondoren, elkarrekiko errespetu osoz aritu da, proposatu zaizkigun ariketak burutzera ondo koipetuta dagoen makina bat bezala, baina makina baten hoztasunetik urrun.

Barrenera begira jarri gara, eta atzera ere bai (gu hemen egon gaitezen ezinbestekoak izan diren horiengana, ezagutu ala ez), ezkutuan geratu ziren batzuk lehen lerrora ekarriz gu ere neurri batean ahalduntzeko bultzadatxo bat jasoz.

Han partekatutakoa han geratzen da, noski. Geure oreka kili-kolo jartzen duten arantzek eragiten diguten mina, besteak beste. Oso ibilbide ezberdinak izanagatik, oso jatorri ezberdineko familietatik etorrita ere, itxuraz elkarrekin zerikusirik ez duten heziketa eta lanbideak izan arren… zeinen antzekoak garen gogoratzeko ariketa ona izan da. Eta, bestearen minarekin konektatu ahal izan dut behin baino gehiagotan, besteak beste haien minak niretik ere bazuelako. Eta bestearen zaurian jarritako ukenduak nireak ere arindu ditu.

Eguna irri batekin amaitu dut, inolako zalantzarik gabe merezi izan duelako. Baita neka-neka eginda ere, ez baikara arinkerietan ibili.

Eskerrik asko hurbiltzera animatu nautenei, jarduera hau posible egin duzuenoi, samur eta maisuki bideratzaile jardun den Arantzari eta, nola ez, eguna partekatu duzuen taldekide guztioi.

Oso litekeena da San Martin izan gabe ere, itzultzea.

Xabier Ariznabarreta