Kontu-Kontari Nerea Munilla Navarekin

01/05/2021

Langileen Nazioarteko Eguna 2021

Langileen Nazioarteko Eguna jatorriz 1886tik dator, Estatu Batuetatik. Garai hartan, langileek lanaldia 8 ordura mugatzeko borroka abiatu zuten. Ordura arte zegoen muga bakarra justifikatu gabeko arrazoirik gabe 18 ordu baino gehiago ez lan eginaraztea zen, eta, ondorioa, 25 dolaretako isuna zen.

Gehiengoa zuen sindikatuak 1886ko maiatzaren 1ean greba bat abiatu zuen. Chicagon, polizia eta langileen arteko liskarrak bereziki gogorrak eta odoltsuak izan ziren.

Egun batzuek iraun zuen grebaren ondoren, maiatzaren 4ean, Haymarket plazan elkarretaratze bat deitu zen, hazten zihoan tentsioa giroan. Egun horretan, artefaktu bat lehertu zen plazan, polizia baten heriotza eraginez. Atxilotu ugari egon zen, horietako bost urkatzera kondenatu zituztelarik: hiru kazetari, tipografo bat eta arotz bat. "Chicagoko martiriak" bezala ezagunak dira.

8 orduko lanaldiaren aldeko borrokaren ohorez eta Haymarketeko langileen oroimenez, maiatzaren 1ean Langileen Nazioarteko Eguna ospatzen da. 




Egun honetan, beste herrialde batzuetatik iritsi diren eta beraien egoera erregularizatu ahal izateko lan duin bat lortu arte bide luze bezain zaila egiten duten pertsona guztiei ahotsa eman nahi diegu.

Kasu honetan, bere eguneroko lanean pertsona hauetako askori bidean laguntzen diharduen pertsona baten kolaborazioa jasotzearen zortea izan dugu.

Nerea Munilla Nava aurkezten dizuegu, 26 urteko donostiar gaztea. Lan-Soziala ikasi zuen eta, Loiola Etxea Elkartean praktikak egin ondoren, bertan lanean jarraitu eta, Gizarte Langile bezala, bere eginkizuna aurrera eramateko zortea izan zuen.

Gaur, elkarrizketa honen bitartez, errealitate honetara hurbiltzen lagundu digu. Zuentzat ere lagungarri izatea espero dugu! 

1. Gaur langileen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Zer da edo zer irudikatzen du egun horrek zuretzat?

Lanari eta langileek izan behar dituzten eskubideei balioa emateko balio duen eguna da, eta eskubide horiek mugatuta dituzten pertsonak daudela aldarrikatzen den eguna. Lan-baldintza duinak defendatu behar direla kontziente izan behar dugu, eta gogoratu lan duina mundu guztiaren eskubidea dela. Beste arlo batzuetan bezala, lan eremuan ere ezberdintasunak daude pertsona batzuek beste batzuek baino aukera gehiago dituztelako.

2. Gaur, Kontu-Kontariren atal berri honetan, beste herrialde batzuetatik iritsi diren eta egoera irregularrean dauden pertsonek (bereziki, gazteak eta emakumeak) lana topatzeko duten zailtasun gehigarriari oihartzuna eman nahi diogu. Konta iezaguzu nola laguntzen duen zentzu honetan Loiola Etxea Elkarteak... Paper garrantzitsua jokatzen al du hemen, Donostian? Zein da zuk, gizarte langile bezala, pertsona horiekin egiten duzun lana?

Desberdintasunen aurrean nola kokatzen zaren, horren araberakoa da dena. Loiola Etxean pentsatzen dugu edozein pertsonak, edozein delarik bere jatorria edo genero identitatea, eskubide berberak izan behar dituela. Horregatik, ideia horiek defendatzeko egiten diren hiritar manifestu eta deialdi guztiekin bat egiten dugu. Praktikan, desberdintasunak garaitzea zailagoa da. Loiola Etxeatik, desberdintasun horiek pairatzen dituzten pertsonak laguntzen ditugu, lana bilatzen babesa izan dezaten: curriculumak elkarrekin egiten ditugu, eskaintzak bilatzen laguntzen diegu, eta abar. Eta, alderdi emozionalean animatzen ditugu, zailtasun horiek gainditzerik lortzen ez dutenean. Batzuetan, arrakastaz, beste batzuetan gabe; azken finean, beti ez datoz bat nahi duguna eta lortzen duguna. Badakidana da ez dugula etsi eta ez dugula etsiko. Pertsonak dituen beharretatik abiatzen gara beti: zer behar duen eta zer lortu nahi duen. Hortik aurrera, helburu pertsonal horiek lortu ahal izateko tresnak bilatzeari ekiten diogu. Horrela, pertsona aurrera egiten hasten den prozesua abian jartzen da.  

3. Hitz egiguzu iristen direnetik lana lortu eta egoera erregularizatu arte egin behar izaten duten bide luzeaz.

Akonpainamendua egitea beharrezkoa egiten den prozesu luzea da, gogogabetasunean eror baitaiteke une batzuetan. Gizon eta emakume gazteak iristen dira, bidaia luzea egitetik datozenak, batzuek dokumentazioarekin, besteak, aldiz, paperik gabe. Paperik gabe iristen direnean, hiru urte egon behar dute egoera erregularizatu artean eta, denbora horretan, laguntza eskaintzen diegu arazoak konpontzen joan daitezen eta dauden baliabideak eskuratzen. Hiru urte horietan bizitza-proiektu bat mantendu behar dute non lana egin ahal izateak oraindik lekurik ez duen. Gero, lana segituan agertu daiteke edo, aitzitik, ez dute horren erraz aurkitzen. Eta, tamalez, horrela denean eta denbora aurrera doanean, aukera gehiago daude gogogabetasuna eta nekea agertzeko. Urte hauek ondo eramatea eta emozionalki ondo egotea lorpen handia da. Beraz, prozesua luzea da, bai, eta gogorra.

4. Asko dira lan-kontraturik gabe eta badaezpadako baldintzetan lan egiten duten pertsona migratuak. Zein dira lan-kontratu bat lortzeko garaian topatzen dituzten zailtasunak?

Bai, pertsona asko dago hitzarmen prekarioekin. Lehen genioen bezala, gaurko egunez pertsona hauek ditugu gogoan. Zenbat eta handiagoa den pertsona batek duen beharra, arrisku handiagoa izango du bere eskubideak zapaltzen dituen edo prekarietate baldintzak dituen lan mota batera iristeko. Aukera hobe bat azaltzen denean, onartu egiten da, noski, baina horrela ez denean, lan prekario bat onartzea beste aukerarik geratzen zaigunean, esfortzua egiten da. Haatik, pertsona hauen ahultasunaz baliatzen den jendea ere badago, lanpostu prekarioak eskaintzen dituena. 

5. Zeintzuk dira lanpostu bat eskuratu ahal izateko bete behar dituzten eskakizunak?

Pertsona batek legalki lan egin ahal izateko, lan-baimen bat behar du. Agiri hau, kanpotik datorren pertsonak berekin ekar dezake edo ez, eta, orduan, hemen lortu beharko du.

Horretarako, ez da nahikoa lan egin nahi dela adieraztea, zenbait eskakizun betetzea derrigorrezkoa gertatzen da.  Hiru urtez erroldatuta egon izanaz gain, errotzea egon dela nolabait "frogatu" behar da. Horretarako, urte horietan dokumentazioa jasotzen joaten da, behin epe hori gaindituta, errotzea egon dela frogatu ahal izateko (egindako ikastaro eta jarduerak, prozesua laguntzen joan diren erakundeen txostenak...). Guzti honekin eta enpresa baten urtebeteko aurrekontratuarekin, beren egoera erregularizatzeko moduan leudeke. Lehen nioen bezala, egin behar duten bidea luzea eta gogorra dela erakusten ari gara.

6. Zein lan mota da lortzen errazena?

Galdera konplexua da. Hau, lehen aipatu dugunarekin lotuta dago, behar handia duzunean eta lanpostu baten beharra duzunean, lan hori prekarioa izateko arriskua ere handiagoa da. Arlo batean espezializatzeko aukera duzunean, baldintza hobeak dituen lanpostu bat eskuratzeko abantailak ematen dizkizu. Ez naiz ausartzen lortzen errazen zein lan den esatera, eremu zehatz bateak formakuntza zabala baduzu eta praktikak egin dituzulako ezagutu bazaituzte, errazagoa izango da onar zaitzaten. Alabaina, formakuntza jasotzea eragotzi dizun bide zail bat egin baduzu, baldintza eskaseko lana izatera iritsiko zara. Horragatik ematen diogu horrenbesteko garrantzia prestakuntza jasotzen jarraitzeko aukerak izateari lan-merkatuan aukera hobeak izan ditzaten.

7. Pertsona hauei aukera emateko garaian, enpresariek beldura edo/eta mesfidantza dutela iruditzen al zaizu? Nola animatuko zenituzke enpresak/erakundeak/...gazte eta emakume hauek kontratatzera?

Enpresetan zentratu ordez, geure buruari galdetu beharko genioke zer aurreiritzi dituen oraindik gizartean gazte eta emakume atzerritar hauekiko. Gu gara enpresak osatzen ditugun pertsonak, eta haiek dituzten balio eta aurreiritziak gure gizartearen islada dira. Oraindik, tamalez, arrazismoa eta matxismoa indarrean daude, eta hori atzerritarrei aukera berdinak ez ematean antzematen da. Zer esango nukeen honen aurrean? 

Bai enpresei, baita gizarte osoari ere: ez dezatela aukerak emateari utzi jatorria edo generoa aintzat hartuta, eta horretarako gaitasuna duten ala ez balioetsi dezatela.

8. Imajinatzen dugu lanean hasi aurretik errealitate honen inguruan zenuen ideia ezberdina izango zela...horrela da? Gazte hauekin lanean diharduzunetik, nolabait aldatu al da zure pertzepzioa?

Ikuspegi bat izatea edo ez izatea baino gehiago, askotan ezagutu ere egiten ez duzun ikuspegi bat duzu. Nik ez nuen nolakoak direnaren inguruko aurrez pentsatutako ideia bat, kanpoko pertsona guzti horiek ez nituen zaku batean sarturik, gazteak bezala baino ez nituen ikusten. Gizartean dugun ikuspegia gure inguruneaz ezagutzen dugunetik datorkigu; horrenbestez, gertu ez badugu egoera jakin batean dagoen inor, bizi ditzaketen zailtasunak planteatu ere egiten. Errealitate berri batetara hurbiltzen hasten zarenean, eta hura hurbiletik bizitzen, konturatzen zarenean badagoela jendea aurrera egin ahal izateko hiru urtez zain egon behar dena, orduan, egun indarrean dauden injustiziez eta bereizkeriez jabetzen zara. Zenbat eta jende gehiago ezagutzen duzun, zure errealitatetik kanpoko arazo sozial gehiago ezagutzen duzun, eta gehiago sentsibilizatzen zara eta kontzientzia hartzen duzu.

9. Benetan zailak diren egoeretan bizi diren pertsonekin egiten duzu lan, eta badakigu zaila dela soluzio perfektua bilatzea, baina, Zer aldatuko zenuke pertsona hauen egoera aldatzeko? Nola lagundu daiteke haien azken helburua lortu dezaten bidea errazteko?

Bai, hala da, soluzio perfekturik ez dago. Lana topatzea bezalako helburu amankomuna duten zenbait pertsonek behar ezberdinak dituzte, eta, horregatik da horren zaila denentzat soluzio bakarra bilatzea. Hobetu daitekeena, hori bai, eta pertsona hauen esku ez dagoena, horrenbeste legezko oztopo (atzerritartasun izapideak) ez izatea da. Tramitazio azkarrago bat egin ahal izatea, pertsonarengan kalte moral eta emozional horren handiak ez eragite aldera. Laburbilduz, ez dadila beharrezkoa izan korrontearen kontra igeri 

ibiltzea. Eta, horretarako, beharrezkoa da legea aldatzea.

10. Nolabait aldatu al zaitu lanak? Zer daramazu zuk pertsona bezala esperientzia honetatik?

Bai. Batez ere, neure burua ezagutzen lagundu dit, eta bizi-etapa ezberdinetan dauden eta behar ezberdineko pertsona askoren azalean jartzen. Intxaurrondon jaio eta ikasi zuen Nereak, orain, pertsona ezberdin askoren historiak ezagutzen ditu.

Eskerrik asko, Nerea, zure denboragatik. Loiola Etxean egiten duzuen lana zuzen-zuzenean ezagutzea oso interesgarria izan da. Gozamena da justizia sozialaren alde lanean diharduen zu bezalako jendea ikustea.


Elkarrizketatzaileak:

Abdallah Khouya

Gabriela Garaizabal


Oroitzapenerako:

Ahots batzuk...