Kontu-Kontari Miren Gurrutxagarekin

05/12/2021

Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna 2021

Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna abenduaren 5ean ospatzen da urtero. Mundu osoan borondatezko zerbitzura beren denbora baliotsua eskaintzen duten pertsonei eskerrak emateko eta haiekin ospatzeko aukera bat da.

Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna Nazio Batuen Asanbladak ezarria izan zen 1985eko abenduak 17ko A / RES / 40/212 ebazpenaren bitartez.

Ebazpen honen ondorioz, gobernuak, NBEa, gizarte zibila eta GKEak, abenduak 5 dituenean, mundu osoko boluntarioekin elkartzen dira egun berezi hau ospatzera.

Hauek dira egun hau ospatzearen helburu nagusietako batzuk:

  • Beren boluntariotzako esperientziak eta praktikak erakustea.
  • Lanerako gaitasunak indartzeko programak prestatzea, giza garapena sustatzeko trebetasunen eta ezagutza-trukearen bidez.
  • Nazioartean, publiko orokorra irakastea eta mobilizatzea, Interneten giza garapenarekin konprometitutako boluntarioen esperientzien bidez.
  • Boluntarioari indibidualki aitortza bat eskaintzea, baita bere erakundeei ere, NBEak VNU programaren bidez egindako izendapenen bitartez.
  • Pobrezia desagerraraztea, lehen hezkuntza integrala lortzea, genero-berdintasuna sustatzea, erditze-tasa murriztea eta hazten dituzten amen osasuna hobetzea.

  • HIESaren, malariaren eta beste gaixotasun batzuen hedapena prebenitzea, eta ingurumena bizitzarako osasungarria izango dela ziurtatzea. 

Boluntariotzaren Nazioarteko Egun honetan, Gizaldeko (Gipuzkoako boluntariotzaren Agentzia) arduraduna den Miren Gurrutxaga ezagutzeko plazera izan dut. Hemen uzten dizuet eskaini didan elkarrizketatxo hau! 

1. Noiz eta nola sortu zen Gizalde?

Gizalde 1998ko uztailean sortu zen. 80etan izan zen asoziazionismoaren boomaren ondorioz elkarte andana sortu zen, eta informazio guzti hura bildu eta antolatzeko gune bat sortzearen beharra antzeman zen. Gainera, beste erkidego batzuetako esperientziak ezagutzen ziren, hala nola Bartzelona edo Bizkaikoak. Hori ere Gizalde sortzeko bultzada bat izan zen.

2Zein da bere xedea?

Gizalderen helburua borondatezko ekintza sustatu eta bultzatzea da, eta, era berean, herritarren artean partaidetza soziala. Horretarako, norbanakoei informazioa eta aholkua ematen die, elkarteentzako aholkularitza eta baliabideak eta, oro har, herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio- eta boluntariotzaren ikusgarritasuna areagotze- jarduerak.

Gainera, kontuan izanda boluntariotza erakunde baten barruan izaten dela, erakunde horiek babestea ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Horregatik, behar desberdinak antzematen joan gara bai eta haiei lagundu ahal izateko espazioak ere, eta horrela egiten dugu boluntariotzaren kudeaketarekin zerikusia duen guztiarekin.

Aldi berean, materiala mailegu-zerbitzua dugu. Horretarako, material izan ez eta erabili nahi duten entitateei materialak maileguan uztea helburu duen material-zerrenda bat dugu (karpak, mahaiak, aulkiak, proiektagailuak, audio-ekipoak...).

Aipatutakoaz gain, elkarteen sareetan ere parte hartzen dugu, entitate desberdinen arteko harremanak erraztuz.

3. Zertan datza boluntariotza?

Legeak dio boluntario izatea zure denbora librea besteen mesedetan ematea dela, antolakuntza baten barruan, jarraikortasunez, ordainsaririk jaso gabe eta lanpostuak ordezkatzen ez direnean. Legeak ez ditu boluntariotza kontsideratzen aldian aldiko ekintzak, puntualak direnak edo entitateetatik at burututakoak, ezta auzotasun ona dela eta edo familiaren barruan egindakoak ere, eta abar.

Niretzako boluntariotza egiteak proiektu bat dagoela esan nahi du, denboran jarraikortasuna izateko bokazioz sortua, eta proiektu horrekin modu askean konpromezua hartzen duten pertsonak.  

4. Nor izan daiteke boluntario? Zein dira horretarako bete beharreko baldintzak?

Hasiera batean, edonor izan daiteke boluntario, boluntariotza-legeak ez du horretarako adin-mugarik ezartzen. Gertatzen dena da elkarteak berak direla adin-mugak ezartzen dituztenak. Betaz, printzipioz, bere denbora besteen alde emateko prest dagoena, gogoa duena eta denboran modu jarraian jarduteko bokazioa, boluntario izan daiteke. Hortik aurrera, adinak jarri ditzake mugak segun eta non izan nahi den boluntario.

5. Nola bideratu boluntario izan nahi duten pertsonak?

Pertsona bat hurbiltzen zaigunean, entzun egiten dugu zeren bila datorren, zein den bere motibazioa. Hortik aurrera, bereizten hasten gara zerk piztu dezakeen bere interesa eta zerk ez, zer egin daitekeen aztertzen dugu, zein eremutan, zein kolektiborekin... Asko dira aukeratzeko garaian erabili daitezkeen irizpideak, baina irizpide geografikoak edo boluntariotzara eman nahi den denborak ere baldintzatu dezakete. Azken finean, arrazoi ezberdinak direla eta, aukerak baztertzen joan behar da, eta hau bi aldeen artean egiten den prozesua da.

6Gaur egun, boluntario gehiago behar ditugu?

Nik uste dut beti beharko direla boluntarioak; deitu boluntariotza, deitu auzotasun ona. Iruditzen zait pandemiak auzotasun ona berreskuratzen lagundu digula, edo haren garrantziaz jabetzen bederen. Horrenbestez, ez dakit legalki eratutako entitateen bitartez edo auzotasun onaren bidez, baina ingurura begiratzea eta bizilagunak zerbait behar ote duen, beti kontuan izan beharko genukeen zerbait da. 

Esango nuke, oinarrian ez dagoela boluntariotza bat egitea, boluntario izan egiten da. 

Boluntario izatea eskaintzen ditudan ordu horiez haratago doa, adi dagoen begirada da. Eta badago jendea begirada hori duelako egin dena boluntario, eta jendea, ekintza boluntario horren ondorioz (beste errealitate batzuk ezagutzeak), begirada aldatu duena.

7. Gaur, boluntariotzaren nazioarteko eguna izanik, nolabait ospatzen duzue?

Sareginez saretik, sentsibilizatzeko eta ikusarazteko zerbait antolatzen dugu. Horrela, gure weborrian ikus daitekeenez, kalean gauzatuko den ekitaldi baten bitartez egingo dugu. Abenduaren 3an Gipuzkoa Plazara aterako gara, eta nahi duen oro hurbildu ahal izango da, lorontzi batean erraboil bat landatzera, etxera eraman ahal izango duena. Boluntariotzaren esanahia era sinboliko batean helarazi eta ikusarazteko modua da. Boluntario izatea ereitea bezala da, ondoren bere fruituak ematen ditu, gizartearen hobetzea.

8. Hitzik eskaini nahi al diezu elkarrizketa hau irakurtzen ariko diren pertsonei? Nola animatuko zenituzke boluntario egitera edo horretan jarraitzera?

Denak animatzen ditut, erabil gaitzaten informazioa eta orientazioa bilatzeko; Gizalde horretarako dago. Arlo asko daudenez, uste dut pertsona guztiek topa dezaketela gustura sentiaraziko dien hori. Niretzako, boluntariotzak perspektiba aldaketa eragin dezake norberarengan, eta hori oso da garrantzitsua. Gainera, eskubideak dituen herritarra naizen bezala, eskaintzeko ardura ere badudala uste dut. Horregatik, denok animatzen zaituztet. 

Mila esker, Miren, eskaini didazun denbora honengatik, zure emate eta pasioagatik. Zuen lana niretzako aurkikuntza handia izan da, eta, esango nuke, nire boluntario-hastapenetan bidea erraztuko zidaten bezala, Gizaldek laguntza itzela eskain diezaiokeela boluntario izateko gogoa duen edonori bere bilaketan.

Mila esker, bihotzez, gizarte bidezkoago eta solidarioago baten aldeko zure emateagatik.

Elkarrizketa hau irakurri duen oro animatzen dut beraien web-orria bisitatzera, dena oso ondo antolatuta eta azalduta dutela iruditzen baitzait. Halaber, aukera baduzue, Donostiako Gipuzkoa Plazan, abenduaren 3an egingo duten ekitaldian parte hartzera ere animatzen zaituztet.

Bukatzeko, gaur boluntariotzaren nazioarteko egun honetan, OnDoaN Topaguneak eskaintzen dituen jarduera eta proposamenak aurrera atera daitezen beren maitasun eta kontu guztia jartzen dutenei esker-hitz hauek eskaini nahi dizkiet. Eta, dakiten ongien beren hondar-alea egunero jartzen duten pertsonei. Mila esker.


Elkarrizketaren egilea:

Maddi Arana Arzak


Gure boluntarioei zuzendutako gutuna


Kaixo guztioi:

Batzuetan, inguruabar batzuek aukera ematen digute eguneroko bizitzan ustezkotzat jotzen ditugun gauzak hausnartzeko eta partekatzeko. Gaur, Abenduak 5, Boluntariotzaren Eguna, aukera horietako bat da niretzat.

OnDoaN Topagunea, hau elkartasun-korronte bat izan dadin dena ematen duten boluntarioen amets gisa hasten da, hurbiltzen denak bizitza atseginagoa, beroagoa eta duinagoa aurki dezan.

Gaur, asko dira, urte hauetako ibilbidearen ondoren, agertzen zaizkigun aurpegi, egoera, proposamen eta ametsak.

Hori ez litzateke posible izango hasierako apustuan sinetsi zutenak ez balira hor mantenduko eta pertsona berriak -ekimen honetan sinestuta- batuko ez balitzaizkie, proiektuari bihotza, kolorea eta beroa jartzen joango ez balira, espazio hau Gure espazio bihurtzeko.

Horietako bakoitzari esker, elkartasuna sortzen joan gaitezke, belaunaldiz belaunaldi transmitituz, pertsonen osasun integrala zaindu dezakegu, ibilbide desberdinak jarraitzera bultzatzen eta elkarrekin hain tarte onak igarotzera bultzatzen gaituzten erronka berriak ezarri ditzakegu aldiro.

Guztion artean lortu dezakegu hizkuntza, nazioa, kolorea arazo bat izan ordez aberastasun izan dadin, elkar ulertu nahi dugulako eta horretan saiatzen garelako. Eta barrura sar gaitezke, hausnartu, hazi. Déboraren ondoan, gure bizitza-ibilbidearen argiak eta itzalak partekatuz.

Gaur, munduari gure leihoak ireki nahi dizkiogu, denok berdinak garela erakutsi, eta elkarrekin hazi eta gauza onak sortu ditzakegula.

Abegi onean bizitzeak harrera-sare bat sortzen du, erreferenteak diren familietan islatzen dena, bai eta beste batzuekin lan egitean ere, ugaldu eta saretu ahal izateko.

Kanporantz ere badugu bozgorailu bat, kezkaturik gauzkan edo argitara ateratzea behar duten egoerei buruz sentsibilizatzeko edo haiek salatzeko. Hau guztia kontu eta samurtasun handienarekin adierazita, denok puntualtasunez jakin dezagun zer gertatu den, eta, telefonoz zein egoitzan bertan, arreta bikaina eskainiz, beti irribarrea ezpainetan.

Ez dut uste honek egun bateko ospakizun hutsa izan behar duenik. Hau, zuek bezalako pertsonen konpromezuaren fruitua da, egunez egun, eta askotan oso modu isilean, beste mundu bat, beste harreman batzuk posible direla jakitun, haiek sortzeko prest zaudetenon konpromezuaren fruitu, aldaketaren giltza gutariko bakoitzak dugula dakizuelako.

Hau besterik ez zait geratzen esateko, bihotzez: ESKERRIK ASKO, GRACIAS, SHUKRAN.

Arantza Odriozola