Kontu-Kontari Maria Eugenia Iparragirre Bempostarekin
Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021
NBE Emakumeak
Munduko emakumeek berdintasunezko etorkizuna nahi eta merezi dute, estigmarik estereotiporik eta indarkeriarik gabea; sostengarria, baketsua eta pertsona guztientzako eskubide eta aukera berdintasunezko etorkizuna. Helburu hau lortzearren, munduak emakumeak behar ditu erabakiak hartzen diren mahai guztietan.
Aurten, Emakumearen Nazioarteko Egunaren (martxoak 8) leloak, "Emakume gidariak: Berdintasunezko etorkizun baten alde Covid-19aren munduan", mundu guztiko emakume eta neskek berdintasun handiagoko etorkizun baten eta Covid-19aren pandemiaren osteko errekuperazioaren alde egindako esfortzuak ospatzen ditu, eta dirauten akatsak azpimarratzen.
Bizitzako eremu guztietako emakumeen gidaritza osoa eta eraginkorrari esker, mundu guztiarentzako aurrerapena lortzen da. Alabaina, emakumeek bizitza publikoan eta erabakietan nahikoa ordezkapen izan gabe jarraitzen dute, Nazio Batuen Idazkari Orokorraren txostenak agerian uzten duen modura. Emakumeak Estatu edo Gobernuburu dira 22 herrialdetan, eta legebiltzarkideen ehuneko 24,9 baino ez dira emakumeak. Egungo aldaketa erritmora, gobernuetako nagusien arteko berdintasuna ez da 130 urte barrura arte iritsiko.
Halaber, emakumean Covid-19aren kontrako borrokaren lehen lerroan dihardute, osasun arloko langile bezala, eta zientzialari, mediku eta zaintzaile bezala; hala ere, gizonek baino homologo gizonezkoek baino ehuneko 11 gutxiago irabazten dute globalki. 87 herrialdeetako Covid-19aren inguruko lan-taldeen analisiak adierazten duenez, hauetako ehuneko 3,5ek baino ez zuen genero-parekotasuna.
Agintean emakumeak daudenean, emaitza positiboak antzemanten dira. Covid-19aren aurrean emandako erantzun eraginkorren eta eredugarrienetako zenbait emakumeek zuzenduak izan dira. Eta emakumeak dira, bereziki gazteak, justizia sozialaren eta berdintasunaren alde nahiz klima aldaketaren kontrako borrokan, mundu guztian mugimendu inklusiboak kalean antolatzen dituztenak. Haatik, 30 urtetik beherako emakumeak mundu osoko parlamentarien ehuneko 1a baino gutxiago batzen dute.
Hori guztiagatik, aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna Berdintasun Belaunaldiaren aldeko aldarria da, denon arteko berdintasunezko etorkizuna lortze aldera.
MARIA EUGENIA IPARRAGIRRE BEMPOSTA Irunen jaio zen 1968ko ekainak 25 zituela. Mariaren Lagundiko El Pilar ikastetxean egin zituen ikasketak eta, Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskolan lizentziatu ondoren, bere ikastetxera itzuli zen, non hezitzaile bokazioa garatu ahal izan baitu. Zenbait garaitan politika jardunarekin uztartu izan duen bokazioa.
Politikan egin duen ibilbidean, kargu ezberdinetan esperientzia ugari bizi izan ditu, ikasteko eta lan arloan zein pertsonalki hazteko baliagarriak izan zaizkionak. Guzti horretatik, besteak beste, maitasunez gogoratzen ditu bidean aurkitu dituen pertsonak. Betidanik jaso izan duen familiaren babesa medio, profesionalki bere burua garatu ahal izateagatik pribilegiatu sentitzen da.
Emakume Langilearen Nazioarteko eguna dela eta, María Eugeniak elkarrizketa txiki bat egiteko aukera eskaini digu.
1· Urte batzuk daramatzazu politikan, Zer suposatzen du zuretzat tradizionalki gizonen eremua izan den horretan aritzeak?
Aukera bat da, emakumeak gizarteko arlo guztietan egon behar dugula iruditzen zait, urte gehiegiz gizonen menpe -sarri, esklusiboki- egon direnak. Horrenbestez, gure presentzia beharrezkoa da, batetik, gure aitzindari izandako hainbat eta hainbat emakumek lortutakoa sendotzeko eta, bestetik, datozen balaunaldiei ez daitezkeela erlaxatu gogoratzeko, ezer ez baita betirako bere jarraikortasunaren alde lana egin ezean.
2· Genero ikuspegiari buruz asko hitz egiten duzu, azalduko al zeniguke zer den eta zergatik den horren garrantzitsua?
Kontzeptu kontua da, gizonei eta emakumeei kasu bakoitzean esleitzen zaizkien eginkizun eta jarreren kontzeptu sozialei dagokiena. Adibidez, urtetan, gizarte ezberdinek uste zuten gizonek bakarrik joan behar zutela eskolara, formakuntza beraientzat bakarrik izan behar zelako; ez da denbora asko igaro emakumeok gure senarren onespena derrigorrezkoa izan gabe bankuan kontu bat irekitzeko aukera lortu genuenetik; zaintzak beti esleitu zaizkio genero femeninoari (bai seme-alabena, baita zaharrena ere). Genero ikuspegia duen begirada batek errealitatea aldarazten du. Horra genero Ikuspegia duen Hezkuntzaren garrantziaren zergatia, eta gizartearen arlo askotan era horretako Formakuntzaren beharra: justizia, polizia, osasungintza, prentsa...
3· Zer uste duzu hobetu beharko litzatekeela hezkuntzan, gure gizartean genero berdintasuna lantzeko?
Berdintasunean bizitzaren hastapenetik hezitzen da, Hezkuntzako arlo guztietan gertatzen den bezala etxean ikusten diren ereduen bidez, ezertarako ez du balio gertaerekin zerikusirik ez duen diskurtsoak. Eskolan, koedukazioa ematen da gaur egun, gure ikasleak berdintasun-eremu batean hazten dira (edo hala hazi beharko lukete). Baina ibilbide luzea dugu oraindik egiteko, eta oraindik ere harrigarriak gertatzen dira txikienen (mutil zein neska) zenbait jarrera.
4· Zergatik diozu gazteen arteko berdintasunean atzerakada egon dela? Zer esango zenioke gaur egungo gazte bati?
Gazteen artean atzerakada bat egon dela aipatzen dudanean, Genero Indarkeriaren aurkako Estatu-Itunerako txostenean (txostengileetako bat izan nintzen) baieztatu genituen ikerketetan oinarrituta diot. Errealitatea kezkagarria da, eta, nahiz eta zirudien emakumeentzako oinarrizko eskubideen alde horrenbeste borrokatu behar izan zutenen ondorengo belaunaldiek ez zutela
goardia jaitsiko haiek eusteko, badira harrigarriak gertatzen zaizkigun jarrerak, emakumeen askatasuna izugarri mugatzen dutenak. Gure gaztediak begiak zabaldu behar ditu eta jabetu pertsona librea eta bere buruaren jabe dela!!! Eta bere kabuz erabaki behar du, askatasunez!!!
5· Zer ekimen politiko daude emakumearen berdintasunaren alde lan egiteko?
Berdintasuna modu transbertsalean landu behar da politika publiko guztietan. Ez da nahikoa Berdintasun Ministeritzak, Sailak edo Delegaritzak egitea, denek zipriztindu behar dituzte genero perspektibarekin beraien ekimenak eta proposatzen dituzten neurriak ezartzerako garaian kontuan izan. Horregatik da beharrezkoa genero ikuspegian Formakuntza arlo guztietan: Legegilea, Betearazlea eta Judiziala.
6· Gaur egun, kasu gehienetan, zuzendaritza kargu bat proposatu zaien emakumeek uko egiten diote, zergatik iruditzen zaizu gertatzen dela?
Ez dut uste kasurik gehienetan uko egiten zaionik, baina iruditzen zait gizarte bezala ez gaudela prestatuta hau normaltasunez gertatu dadin. Eta honetan eragina du emakumeei esleitu zaizkigun zaintzen gaiak. Gu baldin bagara, lehenendabizi arduratu behar garenak seme-alaben eta aitona-amonen zaintzaz, zailagoa zaigu lan-mundura eta etengabeko-prestakuntzara gizonen baldintza berdinetan iristea. Eta, bigarrenik, gizarte hau ez dago prestatuta goi-karguak emakumeen esku gera daitezen. Lan handia dugu aurretik Kristalezko Sabai hori autsi nahi badugu.
7· Emakume bat, gainera migratzailea bada, zaurgarriagoa da. Ba al dago giza-talde hau aintzat hartzen duen politikarik?
Hala da, emakume migratzaileak bi aldez zaurgarriak dira: migratzaile izateagatik eta emakume izateagatik. Migratzaileen erdiak emakumeak dira. Hala ere, emakumeen migrazioak talka egiten du lege patriarkalekin eta jatorri zein helmuga diren herrialdeetako aniztasun eta berdintasun faltarekin. Egunez egun aurre egin behar dieten zailtasunak handiagoak dira.
8· Nagusiki emakumeek zuzendutako mundu batean biziko bagina, nolakoa uste duzu izango litzatekeela?
Ezberdina, zalantzarik gabe... Guk era ezberdinean kudeatzen dugu, emakumeen gidaritzapean dauden arloak modu desberdinean konpontzen dira, baldin eta botere maila horretara iristeak ereduak errapikatzera eramaten ez baditu, kudeaketa maskulinizatuz. Maila berdinean sentiberak, gizartekoiak, toleranteak eta berritzaileak izango diren emakume eta gizonek gidatutako gizarte batean amestu nahiko nuke. Karguak generoa kontuan hartuta ez baizik gaitasuna aintzat hartuta eratorriko direnak.
9. Nola aurreikusten duzu berdintasuna 20 urte barru?
Nire bilobak (egunen batean baditut) eta nire ikasleen bilobak berdintasuna nagusi den Euskadi batean bizi daitezen gustatuko litzaidake: herrialde honetako gizon-emakumeek askatasunez erabakitzea nola bizi nahi duten, norekin harremandu, nolakoak izan eta nola adierazi, lan-postuetara berdintasunez iritsi ahal izango direnak eta denek begirune berdina jasoko duten gizartea.
10. Eta, amaitzeko, azken galdera bat egin nahi genizuke. Pandemiak agerian utzi du emakumeak gizarteak duen garrantzia, baita askotan pairatzen dituzten gehiegizko zamak ere. NBEren aurtengo leloak horrela dio: Emakume gidariak. Berdintasunezko etorkizun baten alde Covid-19aren munduan" Zer iritzi duzu honen inguruan?
Pandemiak gizon-emakumeen artean zaintzen inguruko denbora eta ardurei dagokionean dauden ezberdintasunak ikusgarriagoak egin ditu. Oraindik badugu bidea egiteko zentzu honetan. Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuaren Gizonduz ekimena den gizonei zuzendutako kanpaina nabarmendu nahi nuke, non etxeko lanen eta zaintzare arloetan dagokien zatiaz arduratzea proposatzen baitie, gehien bat emakumeeak egiten dutena. NBEen aurtengo leloari dagokionean, oso interesgarria iruditzen zait, Covid-19aren testuinguruan kokatzea emakumeen etorkizuna.
Genero berdintasuna ez da giza-eskubide bat ez ezik, mundu baketsu, oparo eta sostengarri batean bizitzeko funtsezkoa ere bada. Hala ere, egia izanik azken urteetan aurrerapen asko eman direla, berdintasunezko gizarte batera iristeko oraindik ere geratzen da.
Asko eskertzen dizugu, María Eugenia, txolarte hau eskaini izana eta seguruenera beste batzuentzako inspirazioa izango diren zuren esperientziak gurekin partekatu izana.
Elkarrizketaren egileak:
Gabriela Garaizabal
Abdallah Khouya