Kontu-Kontari Jose Mari Lezanarekin

12/04/2022


Kaleko Haurren Nazioarteko Eguna 2022


Gaurko eguna, apirilak 12, Kaleko Haurren eguna da. Haur askok pairatzen duten eta oso gutxik aipatzen duten errealitatea ikusgarri egitea helburu duen eguna.

Kaleari buruz hitz egiten dugunean, inguru egonkor batek eskain dezakeen aterpe eta segurtasunaren babesa ez sentitzeaz ari gara. Gure gizartean, bizitzako atal guztietan eragiten dien zaurgarritasun egoerak bizi dituzten ume askoren errealitatea da; izan ongizate fisikoa, psikologikoa, emozionala...

Horregatik, garrantzitsua da gizarte bezala batu gaitezen eta beraientzat hain beharrezkoa den babes eta hurbiltasun sabai bat sortu dezagun. Hau, sarean lan egitearen ondorioz baino ez daiteke lortu, kaletik bertatik hasita bulego dotoreetaraino.

Asmo horrekin egin diogu elkarrizketa bizipen ugari izandako profesional bezala duen begirada sakonago eta landuagoa eskaini digun Jose Mari Lezanari.



José Mari Lezana Donostian jaio zen duela 61 urte. Ezkonduta dago, bi seme-alaba ditu eta  Psikologian lizentziatua da, Comillaseko Universidad Pontificia-tik. 

Bere lan-bizitza ia osoa gizarte zerbitzuen eremuan eman du: aurreneko urteetan, garapen arazoak eta ezgaitasun egoerak bizi zituzten haurren arreta goiztiarrean; eta, 1990tik aurrera, haurren babesaren arloan, lanpostu ezberdinak betez. 

Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurrak eta Nerabeak Babesteko Zerbitzuko Familia Harrerako eta Adopzioko Ataleko burua da.  


1. Tabuz betetako gaia izanda, zein da zure ustetan gerturatzeko argi izan behar den leenengo ideia?

Ezer baino lehen "kaleko haurrez" zer ulertzen dugun argitu beharko genuke. Nire esperientziatik, Gipuzkoan, zorionez, ez da ematen munduko beste leku batzuetan gertatzen den egoera non haurrak beraien kabuz kalean bizitzera behartuta baitaude, erreferentziazko heldurik gabe, edo gutxieneko estaldurak bermatuko dizkieten helduekin, eta, horrexegatik, bizirauteko bizitza bilatzera behartuta ikusten dute euren burua. Baina Gipuzkoan badaude haurren babesgabetasun egoerak, familiaren partetik tratu txarrak edo arduragabekeria pairatzen dituzten haur eta nerabeen eskubideekiko begirunea lortzeko gizarte zerbitzuen eskuhartzea beharrezko egiten dutenak.

Gizartearen gehiengoarentzat sarri ikusezina gertatzen den egoera bat da hau; gure auzo eta hirietan gertatzen ez dela iruditzen zaigun arren, oso presente dagoena. Egoeraren dimentsioaz jabetu gaitezen, aipatu gaur egun Foru Aldundiak 800 haur eta nerabe babesten dituela, beren familietatik bereizi behar izan direnak tratu onik jasotzen ez zutelako eta segurtasuna mehatxatuta zegoelako.

2. "Kaleko haurrak" entzuten duzunean, zer mugitzen zaizu barruan?

Aurreko erantzunean aipatutakoarekin jarraituz, nire pentsamendua beren familia-eremuan tratu txarren egoera, axolagabekeria edo sexu-abusuak pairatzen dituzten haur eta nerabeengana joaten da.

Eta horrek haserrea eragiten dit, horrek adierazten baitit egoera horiek herritarren ongizatea bermatzera bideratuta ez dagoen gizarte baten ondorio direla, are gutxiago ahulenena. Esan ohi da herritar bat zaintzeko tribu osoa behar dela, eta haur batek babesgabetasuna pairatzen badu, hori tribua huts egiten ari delako da.

Jorge Barudy, jatorri txiletarra duen eta haurren babesean aditua den neuropsikiatrak zera dio: "ume bati emandako tratu ona sekula ez da opari bat edo zorte on edo txarraren ondorio. Aitzitik, giza-sorkuntza bat da, inoiz ez guztiz banakakoa, ezta soilik familiarra ere, baizik eta gizarte oso baten ahaleginaren emaitza."

3. Zer da zuek haurrei eskaintzen diezuena? Nola dago antolatuta zerbitzua?

Gure zerbitzuak larrienak diren haur-babesgabetasun egoerak artatzeko ardura du, arrisku eta zaurgarritasun egoera mordo bat udaleko gizarte zerbitzuek artatzen baitituzte. Haur batek jasaten duen tratu txarra edo arduragabekeria oso larria denean jartzen da abian gure esku-hartzea.

Aurrena esan behar dena da esku-hartze bakar bat ere ez litzatekeela posible izango babesgabetasun egoera hori argitara ateratzeko pausoa ematen duen norbait ez balego. Ez da ohikoa tratu txarra edo arduragabekeria sufritzen ari den umea izatea egoera salatzen duena. Horregatik, katearen lehen maila egoera horrekiko sentibera den eta erremedio jar dakion jakitera ematen duen pertsonak osatzen du (irakasle, osasun arretako langilea, herritarra).

Egoera horren berri ematen denean, aurre egiten hasi daiteke, eta aurreneko gauza babesa bermatzea da. Kasurik larrienetan, horretarako beharrezkoa da familia-ingurunetik ateratzeko neurria hartu behar izaten da, zaintza presente egongo den ordezko testuinguru bat eskainiz, ahal bada 

beste harrera-familia batean, eta, hau posible ez denean, egoitza-harrerako baliabide batean, Gipuzkoan, oro har, 8 haur eta nerabez osatutako unitate txikiz osatuta dagoena, hezitzaile-talde baten zaintzapean.

Baina, posible den heinean, familia-ingurunetik bereizi gabe saiatzen da egoerari konponbidea ematen. Horretarako, egoera pertsonaletan, familiakoetan eta sozialetan eragiten saiatzen diren hezkuntza- eta terapia-arloko esku-hartze programak ditugu, eta, egoera horiek hobetuta, familia horretako haurren tratu ona sustatzeko.  

4. Nortzuk egite duzue lan euren engizateari begirako lan horretan?

Baliabide sare oso zabala dago: jakinarazten zaizkigun egoerak baloratzen dituzten profesionalak, gertatzen ari dena ulertzen saiatzen direnak haurren zaintzaren ardura duten pertsona helduen lankidetza hasieratik bilatuz; gurasoen gaitasunak hobetzeko ezagutza eta jarraibideak eskaintzen dituzten hezitzaile eta psikologo taldeak; harrera-familiak eta familia hauentzako laguntza-taldeak; egoitza-baliabideetako hezkuntza-taldeak, eta abar.

Alabaina, baliabide hauek oso garrantzitsuak diren arren, artatzen dugun ume eta nerabe bakoitzaren ongizatea inguratzen duen komunitate osoaren inplikazioaren eskutik baino ez daiteke lortu: bizilagunak, eskola, gizarte zerbitzuak, osasun-langileak...

5. Zeintzuk dira haur hauen beharrak?

Beharren oinarri bat dago haur guztiek dituztenen berdina dena, beren une ebolutiboaren arabera: zaintza fisikoak, afektiboak, heziketazkoak, sozialak... Baina, gainera, beste behar berezi batzuk gehitzen dira, euren bizitza laburretan bizi izandako kontrako esperientzien ondorio direnak. Kasu askotan, esperientzia horiek eragindako mina sendatu behar da, beren zaintzaren ardura zuten pertsonengan konfiantza izaterik izan ez dutelako galdutako segurtasun sentimendua berreskuratzetik heldutasun- edo ikasketa-atzerapenen zein sintomatologia fisikoa eta psikologikoen konponketaraino.

6. Zein da haurren batez besteko adina?

Haur eta nerabeak jaiotzen direnetik adin nagusikoak diren arte artatzen ditugu, batzuetan gero ere bai. Arriskua duen haurdunaldi baten notifikazioa ere jaso dezakegu, une horretatik bertatik zaintza baldintza egokiak sustatzeko kontrol eta jarraipena eskatzen duena; halaber, adin nagusiko izatera pasatu diren neska eta mutilei akonpainamendua eskaintzen diegu bizitza heldurako igarotze egokia egin dezaten.

7. Nola jasotzen ditu gizarteak? Zein da eurekiko begirada?

Duela gutxi, haurrak babesteko baliabideetan bizi diren edo bizi izan diren neska-mutilei egindako elkarrizketa batzuetan neska batek zera zioen: "ez da egin dudana, niri egin didatena baizik", adieraziz bera bezalako neska eta mutil asko, zentro batean edo harrera-familia batean bizitzeagatik estigmatizatuta sentitzen direla, gizarteak horren arduradun egiten dituztela sentitzen dutelako, hor egoteagatik zerbait txarra egin izan balute bezala, errealitatea oso bestelakoa denean: administrazioaren babespean badaude norbaitek haiei zerbait egin dielako da.

Gainera, gazte hauek gurearekiko ezberdina den ezaugarriren bat badute, arraza edo nazionalitatea kasu, estigmatizazio hau areagotu egiten da.

8. Nolako etorkizuna dute zain, gizartearen begiradatik?

Beren beharrak modu egokian aseta izateko zaintza eta arreta nahikoa jaitzetik jaso duten neskek eta mutilek baino zailagoa dute. Horregatik, laguntza gehiago behar dute aurrera atera ahal izateko.

Gure gizarteak gazte hauekiko beste begirada bat izan behar du, euren eskubideak onetsiko dituena, euren ongizatea segurtatzeko gai ez izanaren ardura onartuko duena, eta, horrenbestez, derrigorrezkoa da beren gaitasuna garatu dezaten aukerak eskaintzearen ardura du. Nire esperientzian, haietariko askok ondo aprobetxatzen dituzte euren aukerak, eta, kasu askotan, hobetzeko gaitasun miresgarria garatzen dute.

9. Zuek, nola egiten duzue lan horrekin? Zein da zuen begirada?

Artatzen dugun haur eta nerabe bakoitzaren ongizatean saiatzen gara jartzen fokua. Gure esku-hartzearen ardatza akonpainamenduak izan behar du, haietako bakoitzari emanez protagonismoa, euren bizitza delako. Honetan asko dugu hobetzeko, gizarte eta arreta eredu paternalista batetik baikatoz, non profesionalok "aditu" papera jartzen baitiogu geure buruari, artatzen ditugun gaztetxoen ordez erabakitzeko boterearen jabe garela uste dugularik.

10. Kontuan izanda oso lan konplexua dela, nola egiten diozue aurre eskolan sortu daitezkeen egoerei?

Eskola funtsezko eremua da haur ororen garapenerako. Hazkuntza iturri izan daiteke, baina baita sufrimendu iturri ere. Batzuetan, babesgabetasun egoerak bizi izan dituzten haurren beharrak ez dira igartzen eskola-eremuan, eta bazterketa eta esklusio egoerak errepikatzen dira.

Arrazoi horregatik, beharrezkoa egiten da arlo honen inguruan hezkuntzaz arduratzen den pertsonalaren artean formakuntza eta sentsibilizazio ekintzak indartzea. Nire aurkezpenean esan dudan bezala, 80ko hamarkadan ezgaitasuna zuten haurren arreta goiztiarrean hasi nintzen lanean. Orduan, haur hauek ikastetxe arruntetan integratzea planteatzen hasi zen, ordura arte beren lehen urteetatik eskola horietara joan izan zirelako. Beharrezkoa izan zen normalkuntza prozesu honen onurak azaltzea, irakasleei formakuntza ematea, arreta berezi hori eskainiko zuten baliabideak sortzea...

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen eskola inklusiboaren garrantzia. Baina beharrezkoa izaten jarraitzen du irakasleak prestatzea haur hauen beharrak ulertu eta antzemateko, zeintzuk, bizirauteko, oso kontrako egoeretara egokitu behar izan baitute. Eta konfiantza izateko eta egokitzaileak ez diren jokabideak desikasteko aukera ematea, garapen eta integrazio hobeak izatea ahalbidetuko dizkieten baliabideak eskuratu ahal izateko.

Gure profesional-taldeak eskoletako pertsonalarekin, Berritzeguneekin, Hezkuntza Delegaritzarekin... etengabeko harremanetan daude. Eta asko aurreratu dela uste dugu, baina oraindik badago bidea hobetzen jarraitzeko.

11. Umeen errealitateak haien sozializazioan eragina duela esango zenuke? Eta nola egiten diozue aurre honi?

Noski, tratu txar eta zabartasun testuinguruetan bizi izandako esperientziez erasandako garapen ataletako bat da sozializazioa. 

Kontuan izan behar da haur bat tratu txarren emailea den testuinguru batean bizi denean konfiantzarik ez izaten ikasten duela, ezin du espero bere zaintzaren ardura dutenek bere beharrak beteko dituztenik. Eta horrek, gaztetxo hauengan batzuetan azaltzen diren errefus, agresibitate edo muturreko barnerakoitasun erreakzioen atzean dagoen segurtasun falta eta mesfidantza sortzen ditu.

Egoera honi aurre egiteak, lehenik eta behin, zera eskatzen du: zaintzen duten pertsonengan konfiantza piztuko dioten ingurune seguruak sortzea. Eta, gainera, beren abileziak praktikan jartzeko aukera emango dien jardueran sustatzea, aitortuak eta balioetsiak izan daitezen. Hau lortzen den neurrian, euren aurreko bizi-ingurunean egokitzaileak izan diren jokabide eta jarrerak desikastea lortzen da, testuinguru berrian ez baitzaizkio lagungarri egiten, eta, horrela, harremanak izateko beste modu batzuk ikas ditzakete, harreman osasungarri eta eraikitzaileak sortzeko lagungarri dituztenak.

12. Gaur haur hauen ahotsa zure bitartez ekarri nahi izan dugu, zer edo zer gehitu nahi duzu?

Uste dut oso garrantzitsua dela errealitate hau zabaltzea, eta gizarteak horrekiko duen sentsibilitatea hobetzea. Keinu bakoitzak balio du, eta egoera hauetan arreta jartzeko egiten duzuen lanarekin beste aletxo garrantzitsu bat jartzen duzue bide horretan.

13. Zer mezu bidaliko zenioke elkarrizketa hau irakurtzen ari denari?

Ez dut oso ondo ezagutzen zuen web-orria irakurtzen duen gizataldea, beraz, okurritzen zaidana deialdi orokor bat egitea da tratu txarrak eta zabarkeria egoerak pairatu dituzten haur eta nerabe hauen errealitatearekiko sentiberago izan gaitezen eskatuz, lehenik eta behin, hau gure ingurunean ere gertatzen dela onartuz. Eta, bigarrenik, gure roletik (aita edo ama, hezitzaile edo monitore... bezala), haur horietako bakoitza pertsona bezala duen balioan aintzat hartuz; ulertuz, sarri, izan ditzaketen portaera arazoak sufrimendu adierazpena direla eta gure ulermena eta arreta behar dutela.

Izugarri eskertzen dugu, José Mari, zurekin partekatutako denbora. Tabuz betetako errealitate bat da zeina, zuri esker, begirada zabalagoaz hurbilagotik ezagutzeko aukera izan baitugu. Guretzat garrantzitsua izan da, bai pertsonal zein profesionalki, horren urrunekoa ez den errealitate honetara zure hitzen bitartez hurbildu ahal izatea. Eta, egunerokotasunean praktikan jarri ditzakegun gakoak eman dizkiguzu.  Eskerrik asko zure dedikazio eta inplikazioagatik. 


Elkarrizketaren egileak:

Maddi Arana Arzak

Usue Odriozola Nava