Kontu-Kontari Inés Vicenterekin
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna 2022
Ekainaren 20an, 2001etik, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren erabakiz, errefuxiatuen eguna ospatzen da, 1951ko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren urteurrenaren oherez. Konbentzio honi esker, milioka pertsona lagunduak dira seguritearen bila egiten duren odisean.
Gaurkoa, Inés Vicente Barbero dugu solaskide, oso ikusgarria egin bada ere estereotipo eta tabuz beterik dagoen errealitate honi buruz hitz egiteko.
Inés Vicente Barbero, Gizarte Hezitzailea
Inés Gizarte Hezitzailea da, eta Loiolaetxea Elkartean dihardu lanean, nahiz eta, azken hiru urteetan Alboan GGKEan lan egiten jarduen duen.
Alboanen, migrazioarekiko sentsibilizazio lana egin zuen eskoletan, ikasle eta irakasleen artean... eta, urtarrilean, Babes Komunitarioa izeneko batean hasi zen lanean Loiolaetxean, duela hilabete eta erdi SIriatik iritsitako pertsona errefuxiatuekin.
1- Nola definituko zenuke zer den errefuxiatu izatea?
Pertsona errefuxiatu batek, estatus hori baldin badauka, nazioarteko babesa behar duelako da, bere herrialdean ezin delako egon. Izan daiteke gatazka belikoa dagoelako, gai politikoengatik, orientazio sexualagatik... jazarpena jasaten duelako, bere bizia arriskuan dagoelarik. Zenbait eskubide atxikita dituen egoera legala da. Badira, baita ere, konbentzioa dela eta estatus hori izan ez dezaketen pertsonak, baina beren bizia antzeko arriskuan dutenak, edo beren herrialdean bizitza jasanezina dena hondamendia klimatologikoengatik... eta horren ondorioz, etxerik eta bizirauteko bitartekorik gabe geratzen dira, herria uztera behartuta daudelarik. Batzuetan, herrialdean bertan mugitzen dira, barruko joan-etorriez hitz egiten dugu orduan, baina, oro har, pertsona bat errefuxiatu bilakatzen da estatu baten muga zeharkatzen duenean beste batean sartzeko. Errefuxiatu estatusa ematen zaie, baina errealitatea askoz haratago doa. Beti gainditzen du gu lege-esparruetan jartzen goazena.
2- Nola bukatu zenuen hemen lanean? Zein da zure egitekoa?
Nik uste dut arrazoi askorengatik bukatu dudala hemen. Bere garaian, honekin zerikusirik ez duten itzulpen ikasketak egin nituen. Amaitutakoan, nire buruari esan nion "iruditzen zait hau ez da nirea". Gizarte Heziketa ikasi nuen eta, orduz geroztik, nire lan ibilbidea arlo sozialari lotuta egon da. Beste eremu batzuetan lanean jardun dut. Baina nirekan eragin sakona izan zuen bizipen bat izan zen; Melillan ospatzera joan nintzen pazko batean, hegoaldeko mugako errealitatea ezagutu nueneko hura. Gero, urtebeteko boluntariotza bat egin nuen Kanbodian, eta munduan zehar dauden migrazio errealitate ezberdinekin harremanetan egon nintzen, pribilegiatuak batzuk, batere ez beste batzuk. Esango nuke bizipen horiek ekarri nautela egun nagoen lekura.
Boluntariotza proiektu honetan parte hartzeko aukera eskaini zitzaidan, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Orain Gipuzkoara duela hilabete eta erdi iritsitako familia siriar baten jarraipena egiten dut. Baina ez laguntza hau soilik. Egitasmo honen helburu nagusia komunitateko kultur arteko harremana indartzea da. Familietako bat Tolosan dago, bestea Donostian. Familia hauekin elkarbizitzan parte hartu nahi duen jendearekin harremanetan jarri, batzuk besteengandik ikasteko. Azkenean, geure baitara begiratzean datza, eta ohartzea gure jarreretatik zeintzuk errazten duten elkarbizitza hau eta zeintzuk ez. Komunitarioa aktibatzea da kontua.
3- Familia hauei laguntzen ari zara beren migrazio prozesuan, finkatzen, egokitzen... Zer da edo nola azalduko zenuke prozesua?
Kasu honetan berfinkatuak izan diren familiak dira. Hitz teknikoa erabiltzen dugu, beren herrialdetik ihesi alde egin behar izan zuten familiak direlako, kasu honetan Siriatik, gerra dela eta. Muga egiten zuen herrialde batera egin zuten ihes, Libanora. Herrialde horretatik ihes egiten duten gehienek Turkiara, Libanora edo Jordaniara joaten dira. Baina Libanoko bizi-baldintzak hain dira kaxkarrak Acnurretik hirugarren herrialde batera eramanak izan behar direla baloratzen dela. Hirugarren herrialdeetako estatuek esaten dute zenbat pertsona hartu ditzaketen eta, gure kasuan, espainiar estatuak pertsonak berkokatzen ditu. Ez dira berkokatze zirkuitu arruntean sartzen, babes komunitarioko proiektuan baizik. Bilatzen dena komunitateak beren harreran parte har dezan da. Babes hitza sponsorship ingelesetik dator, komunitateak babesa ematen duelako, batzuetan diruz edo materialki ere bai, baina batez ere elkarbizitzeko garaian. Orain, familia hauek etorri berriak dira eta osasungintzara, hezkuntzara, lan mundura... irits daitezen beharrezkoak diren paperak kudeatzen ari gara, eta, poliki-poliki, elkar ezagutzen ari gara. Orain bi urte geratzen zaizkigu prozesuarekin jarraitzeko.
4- Gai hain ikusgarri eta polemikoa izan daitekeela kontuan hartuta, are gaur egungo errealitatea halakoa izanik, nola bizi duzue bai zuek bai familiek errealitate hau?
Hemen oso zaila egiten zait orokortzea. Kontaktua dugun hainbat pertsonen bitartez migrazio errealitate ezberdinak ezagututa, ezberdintasunak daudela ikusten dugu. Ez da gauza bera, familia hauei gertatu zain bezala, herrialdera asiloa lortuta iristea, edo bertan bizi eta lan egiteko baimena duzula adierazten duen paperik gabe iristea. Orduan, errealitatea beste bat da, eta prozesua askoz luzeagoa eta zailagoa da. Orain, Ukrainako errealitatearekin, adibidez, asko erraztu da pertsona ukrainarrek etxebizitza eta asiloa lortu dezaten. Sistemak ere oztopo asko jartzen ditu.
Ezintasunez eta etsipenez bizi dugu, baina, prozesuetan aurrerapausoak ikusten direnean, esker onez ere bai. Eta, gero, familia bakoitza egoera desberdinean iristen da, paper berdinarekin ailegatuta ere, beren herrialdeko egoera, nola bizi izan duten gerra, pobrezia, ihes egiteko arrazoiak... desberdinak baitira; istorio bakoitza bakarra da. Horregatik gonbidatzen dut jendea entzun eta ezagutzera, orokortzeari utz diezaioten.
5- Zer motatako erantzun soziala ikusten duzue?
Egitasmo zehatz honekin, oso ona. Babes ekonomikotik boluntariotzaraino. Baina, hau denboran zehar mantentzea erronka bat da. Horrelako zerbaitetan parte hartzeko konpromezua hartzen duen jendea (boluntariotza honetan, egotea, izatea, sentitzea, errealitate ezberdinetako pertsonekin egotea... da gakoa) denborarekin urrundu egiten da, edo denbora beste modu batera partekatzera igaro. Egiteko gogoa izan behar da, batzuetan iragarpen edo itxaropen batzuk baditugu ere, boluntariotza hau elkarbizitzan, denbora eta bizitza partekatzean datza.
6- Eragina al du errefuxiatu motak? Motak daude ala errotuta dagoen arrazakeriaren irudupena da?
Alde batetik, asilo onarpenak inplikazio legala du. Egia da asilo eskaerean arteko (aurrez onartu gabe iristen direnean, berkokatze programetan gertatzen den bezala, eta hona iritsi ondoren eskatzen dutenean) oso gutxi onartzen direla (%10a 2021ean).
Asiloa ez badizute onartzen, egoera irregularrean egotera igarotzen zara. Herritarren gehiengoak gauza hauetaz ez dakiela esango nuke; zein errealitatek dakarren lotuta paper batzuk izatea ala ez izatea, ezta ematen diren prozesuak ere. Baina, batzuetan, jendeak ñabardura hauek ezagutzen dituen neurrian, desberdin tratatzen ditugu onarpen bat edo beste dituzten pertsonak.
Nire iritziz, bere herrialdea uzten orok, aurkitzen ditugun egoeretan, izan prekarietateagatik izan beste edozein arrazoirengatik, ez du gustoz egiten, bere herrialdean egoera eutsiezina delako baizik. Gauza da beraiek ez dituztela beste batzuk, gatozen herrialdea hori delako eta dugun pasaporteagatik, ditugun erabakitzeko aukerak. Adibidez, nik orain Marokora migratzea erabakitzen badut, askoz erraztasun handiagoak izango ditut marokoar batek bere herrialdetik hona etortzeko dituenak baino. Arrazoiak alde batera utzita, jatorrizko baldintza ezberdinak ditugu. Orduan, nik hori bidegabekeria bat dela ikusten dut. Eta, horregatik, ez dut alderik ikusten asiloa duen eta ez duenaren artean; oinarrira jo behar dugu, eta munduan zehar askatasun handiagoarekin mugitzeko aukera izan beharko genuke. Uste dut giza eskubideen 13. artikulua dela dioena zein herrialdetan bizi aukeratzeko askatasuna izan behar dugula. Baina ez da hori jende askoren errealitatea, are, milioka pertsona beren jatorrizko herrialdea uztera behartuta sentitzen dira, eta ez dute babesik iristen diren herrialdean.
7- Errefuxiatuen ondorengoak izanik, zergatik uste duzu erakusten dugula hain solidaritate gutxi?
Alde batetik, egia da solidaritate falta dagoela. Aipatu nahi dut, baina, itxaropenari hegoak ez moztearren, jende asko dagoela lagundu nahian eta mundu bidezkoago baten alde borrokan. Baina ezin da ukatu gure errealitatean errotzen garela, seguruenik beldurragatik, errealitatea ez ulertzeagatik, "lehen pertsonan bizi ez dudanes, ez nau berdin ukitzen" sentipenetik... Hemen, bizimodu erosoa izan dezakegu lan egonkor samarra badugu edo gure familiak halakoa badu, eta pribilegio horiek ezbaian jartzea eta oinarri arrazistak (adibidez) dituen gizarte batean heziak izan garela onartzea (eta, nahi gabe, jokabide eta sineste zenbait barneratu ditugula) deserosoa suertatzen da. Barne aldera begiratzea ez da beti erraza; horregatik uste dut gauza asko nahasten direla. Nire esperientziak dio jendeari, apur bat informatua izaten hasten denean, beste pertsona ezagutzeko gogoa pizten zaiola, eta magia gertatzen da. Nik uste dut egiten jarraitu behar dela. Horretaz doa, hein handi batean babesaren proiektua; ni, auzotar bezala, beste errealitate eta beste kultura batetik iritsi berria den familia honekin kontaktuan jartzen naiz, berarekin harremanak ditut, nire esperientzia familia eta lagunei aipatzen diet, lehen eskutik ezagutzen doaz aukera hori... eta, era horretan bizi nahi dugun beste gizarte mota bat ehuntzen goaz.
8- Zurekin gehien partekatzen dituzten hitzak edo emozioak azpimarratzekotan, zeintzuk izango lirateke?
Prozesu hauetan emozio andana dago, eta, prozesu orotan bezala, pentsatzen dut ondo dagoela onartzea emozio askotatik pasatuko garela eta onartzea, une honetan, adibidez, beldurra sentitzen dudala, baina ez dela beti nirekin egongo den beldur bat, prozesuaren parte bat den beldurra dela baizik, eta beldur hori emozio atseginago baterantz igaroko dela; seguruenik, horrek ere lasaitasuna ematen du. Horrenbestez, kultur arteko elkarbizitza prozesu hauetan aktore asko daudela, baina bakoitza bere emozioetatik igarotzen dela. Beldurra presente dagoela uste dut; ezezaguna den horrekiko beldurra, eta beste pertsonarekikoa, zeinak batzuetan gure baitan ixtera garamatzan eta ezagutu eta ulertu nahi ez izatera, eta beste pertsonari buruz gaizki esaka jardutera. Leku berri batera iritsi eta hizkuntza ez ulertzearen, komunikatu ezinaren... frustrazioa ere hor dago, bi aldeetan. Zerbait partekatu nahi izan eta nola ez jakiteak eragindakoa.
Tristurarako elementuak daude; herrialdea utzi eta itzuli ezina gogorra da (Siriako pertsona errefuxiatua bazara, ezin zara itzuli errefuxiatu estatusa galduko duzulako, nazioarteko babesa izateari utziko baitzenioke, eta ezingo baitzenuke berreskuratu). Familia urrun izatea; erresindentziarik gabe migratuak dauden pertsonek, herrialdea utziz gero hona iristeko jasan behar izan duten odisea guztia errepikatu beharko dutenek... horiek ere ezin daitezke euren familiak bisitatzera joan.
Aldi berean, esker ona dago. Proiektuan daramadan hilabete eta erdian, egitasmoan buru-belarri sartuta dagoen jende askoren esker ona ikusi dut; familietan, boluntarioen artean, Loiolaetxeako taldean... eta, azkenean, esker ona ospatzera eta itxaropena izatera gonbidatzen zaituen emozio bat da. Poza ikusi dut hiria, herria... deskubritzen eman dugun uneetan, pertsonekin harremanetan jarri garenean, ospatzen egon garenean edo bazkari bat partekatzen...
9- Hona iritsitakoan, zein esango zenuke dela beraien lehen beharra egokitzerako garaian? Eta aurkitzen duten oztopo nagusia?
Familiak iristen zirenerako, etxebizitza egoki bat izan nahi genuen, behar zuten guztia zuena. Adibidez, hutsala iruditu dakigukeen zerbait eta, horrenbestez, agian oinarrizko behartzat joko ez genukeena, etxera iritsitakoan interneta eta wifi konexioa izatea da. Funtsezkoa da beren familiekin harremana mantentzeko modua delako, "hemen gaude" esatekoa. Horregatik, konexioa izatea behar emozionala da.
Garrantzitsua da, aldi berean, janaria hemen erosten ikas dezaten, geroz eta autonomia handiagoa izan dezaten eta beren bizitza egiten hasi. Eta izapide asko egin behar dira osasun-sarera, hezkuntza sistemara... irits daitezen, eta horretan gabiltza denbora honetan.
Oztopo nagusia hizkuntza dela esango nuke; komunikatu ahal izatea. Gaztelera eta euskara hitzik jakin gabe iritsi ziren, eta ingelesa oso gutxi. Baina, itzultzaile lanak egiten dituen pertsona bat kontratatuta izatearen zortea izan dugu. Eta, azken finean, hori guztiarekin lotuta dago; sendagilearengana zoazenean, ez duzu ulertu behar soilik esaten ari zaizuna, baita sistemak nola funtzionatzen duen ere, eta, horretarako, zure hizkuntzan ulertzea beharrezkoa egiten zaizu. Eguneroko xehetasunekin, berdin, asko direla ohartzen zarelarik. Beraz, guzti horretan laguntzen ari zaizun pertsona bat eskura izateak gauzak asko errazten ditu.
10- Nolakoa da haurren errealitatea?
Familiek, iristen direnean, haurrak eskolara joaten has daitezen gogo handia izaten dute, baita haurrek ere. Nik ezagutzen ditudan beharrak egunero eskolara joatearekin lotuta daude. Beraientzako, berdinen arteko harreman eremu bat delako, jende berria ezagutzeko, baloiarekin edo jostailuekin jolasteko aukera, ondo pasatzeko eta ikasten joateko espazioa. Orain, haurretako batzuekin daramagun hilabete eta erdian, elkarrizketa txikiak mantentzeko gai dira jada eta gurekin elkar ulertzeko, ez esaldi osoak baina bai "zer moduz joan da eguna?", "ondo jan al duzu?" edo "gustura zaude klasean?" bezalako galderak erantzuteko. Egia da eskoletatik asko inplikatu direla; beren beharrei buruz galdetu digute, etengabeko komunikazioa dugu haien lehen egunak nolakoak izaten ari diren inguruan eta, eskoletatik, ahalegin handia egiten ari da hizkuntza eskuratu dezaten eta, batez ere, adin beretsuko neska-mutilekin harremana izateko espazioak izan dezaten, ondo tratatuak senti daitezen ondo zaindutako espazioak.
11- Bukatzeko, zer esan nahiko zenieke elkarrizketa hau irakurtzen duten pertsonei? Zerbait gehitu nahi duzu?
Hau gehituko nuke: elkarrizketa irakurtzen ari direnei, dagoenekoz egin ez badute, migrazio prozesuetatik igarotzen ari den jendea (edo igaro dena), gure hiri eta auzoetara iristen ari direnak eta komunitate horretako parte izan nahi dutenak... ezagutzera animatu daitezela.
Beraiekin komunitate osatzera animatu daitezela, barrurantza begiratzeko eta hazten joateko beldurrik ez dezatela izan; aberastasun handia dakarren kultur anitzeko gizarte batean bizitzeko gaitasunetan haztea baita.
Eta nik uste dut bai OnDoaNen zein Loiolaetxean eta beste entitate batzuetan, espazio hori aurkitu daitekeela esperientzien bitartez, ez soilik "babes"ekoak, baita pertsona migratzaileekin ditugun proiektuen bitartez, zeinetatik elkarbizitza hau babestu nahi baitugu.
Esker on hitzak baino ez ditugu zuretzako, Inés. Mila esker pertsona migratzaileek egunero bizi duten errealitate honetarantz begirada zabaltzen laguntzeagatik, eta, zure esperientziatik, errealitate gogor hau hai samurki gurekin partekatzeagatik. Zure hitzek, gure bihotzak pertsona hauen bihotzetara eta minera hurbiltzen laguntzen digute, baita babes-sare hori osatzen duten pertsona guztiengana ere. Mila esker, Inés.
Elkarrizketaren egileak:
Maddi Arana Arzak
Usue Odriozola Nava