Isilune Zirkulua - Kronika

17/02/2022

Iritsi da, beste behin ere, hileko hirugarren osteguna; ohikoa izan arren, bizi ditugun mundu ezberdinen arteko arrakala geroz eta handiagoaren errealitate geldiezina memoriara ekartzeko nahiak ez du indarrik galtzen.

Urtetik urtera handitzen doa, sarri asko helmuga eta zio bizirik gabe, bizimodu hobe baten bila bidaia hasten duten pertsonen kopurua.

Ipuin baten irakurketak lagunduta, bonbilla batzuk banatu dira, joan-etorrian dabiltzanek oztopo gutxiago topa ditzaten, denok bilatu behar dugun argiaren ikur.

Oraingoan, aurpegi berriak hurbildu dira gure Zirkulura, eta, horrela, osteguneroko garrasi isila zabaltzen doa.

Martxoan berriro elkar ikusteko gonbidapenarekin amaitu dugu. Orduan, 6 urte beteko ditugu, hilabetero, Europako hainbat bazterretan egiten denari elkartzen, beti gurari berarekin: HARRERA ETA ABEGI ONA, gure lurraldera datorren ororentzako. 

Arantza Odriozola


ITSUAREN ARGIA

Duela ehun urte, Ekialdeko hiri batean, agure bat, gabaz, kale ilunak zeharkatzen ari zen oliozko lanpara bat piztuta zeramala. Une jakin batean, gizon batek izkina bat jiratu zuen eta agurearekin tupust egin zuen. Gizona modu txarrean hasi zitzaion garrasika agureari:

- Adi eon, atxo, begiratu nondik zoazen!

Garrasi egin ondoren, gizona lasaitu egin zen eta agureari begiratu zion, hark zeraman lanpararen argitan. Bat batean, lagun bat ezagutu zuen. Guno zela ohartu zen, herriko itsua. Esan zion:

- Zertan ari zara, Guno, itsua izanik eskuetan lanpara bat daramazula? Ez baduzu ikusten...

Agureak erantzun:

- Nik kaleetako iluntasuna buruz ezagutzen dut. Lanpara ez daramat nire bidea ikusteko, besteek nirekin estropuz egin ez dezaten baizik, eta ni ikusten nautenean beren bidea aurkitu dezaten.

- Nola izan gaitezke argi besteentzat?

- Nahikoa da argi bat piztea

- Zer gehiago egin genezake beste batzuk ibili ahal izan daitezen eta beren patua topatu dezaten horrenbeste estropuz egin gabe?


1.838 migratzaile hil edo desagertu ziren Mediterraneoan 2021 urtean, hau da, egunean bost pertsona zendu ziren. Giza Eskubideen Monitore Euromediterraniarraren azken txostenaren arabera, aurreko urtean, 2020, baino %20 gehiago; itsasoan 1.448 bat migratzaile hil baitziren.

2020-2021 urtean, pandemiak ez zuen geldiarazi migratzaileak Espainiara modu irregularrean iristea; 2019an baino %21 gehiago heldu ziren.

28.000 migratzailek baino gehiagok zeharkatu zuten Mantxako Kanala 2021ean, 2020an baino hiru aldiz gehiago.