Isilune Zirkulua - Kronika
Apirileko hirugarren osteguna. Poliki-poliki, bakoitza bere auzo eta txokotik, Gipuzkoa Plazara -Aldundiaren egoitza nagusiaren parera- hurbiltzen joan gara, gure ohiko "Isilune Zirkulua" osatzen joateko.
Ahots batek, Xabirenak, bere bertsoaren bitartez kokatzen laguntzen digu "Arratsaldeon, ongi etorri salaketaren plazara; gaurkoan berriz osatu dugu solidaritate ilara. Errefuxiatu, etorkin edo mugetan bizi bazara, bidean sarri lagun dituzu izua eta ikara. Zure zalantza, zure oinazea gizarte honen isla da; oihu isil honek blaitu nahi luke gizarte hori mara-mara. Zaila izango da baina posible tinko aritzen bagara, ta ez dugu etsiko aldatu arte zurekiko begirada."
Eta isiltasuna partekatzen dugu.
Desioz eta amets pertsonal zein sociales beteriko isiltasuna. Guztion
artean, hartara gonbidatuta, eguneko manifestua osatzen dugu. Eskuetan post-it
eta bolígrafo bana. Hitz idatzi bat pankartan jarria ibiltzen goazen bitartean.
Eta, azkenean, isiltasuna entzuten eta hartzen goazen hitz bilakatzen dira: "Laguntza eskatzen duten beste begiak ikusteko begi irekiak. Irekitasuna. Alkartasuna. Abegi ona. Aurrera, zuekin gaude. Inplikazioa. Elkarbizi. Inor ez bakar-bakarrik. Errukia. Gupida. Gizatasuna. Anaidetasuna. Haurridetasuna. Barkamena. Berdintasuna duintasunean. Eskubideak. Maitatzea. Maitasuna. BEgirunea. Solidaritatea. Laguntza. Inklusioa. Denok senide".
Halako hiria nahi dugu: Etxe irekia, zubiak eraiki eta harresiak erausten dituena. Mugarik gabeko Donostia eta mundua. Kanpotarrak harrera ona izago dutena. Lur abegitsua. Ongietorria egiten duena. Elkarbizitza ahalbidetzen duena. Babesten duena. Hemen gauden guztiok aintzat hartzen dituena. Hiri atsegina. Herri oso esku zabala.
Eta, berriz ere, Xabik ixten du zirkulua "Eskerrik
asko urrutitikan etorritako lagunak; aberatsago egiten gaitu zuen
aberastasunak. Indarra bedi isiltasun honek gerora duen oihartzunak, kolorez
janzten laguntze aldera askoren egun ilunak. Ea ba laster soberan dauden hirugarren
ostegunak."
Bien bitartean, datorren maiatzaren 20an elkartuko gara berriro.
Mari Carmen Elizondo