Ikasturte Bukaerako Irteera: Sendaviva - Kronika

16/06/2024

Denbora hegan doa! Ohartu garenerako, Luiscarren autobusean (Emilio bolantean zela) ikusi dugu geure burua, ikasturteko azken irteeran parte hartzen, Sendavivara bidean, alajainkoa!

Egurandia, eskatu bezala, zoragarria. Bidaia, aitzakiarik gabekoa: lasaia eta armoniatsua. Garaiz iritsi ondoren, eta parkeko sarreran burokrazia-arazotxo batzuk gainditu ostean (funtzionamendua hobetu dezaten, egin zaizkie egin beharreko iradokizunak), atrakzioak dauden lekurantz abiatu gara (aparkalekutik haraino gogoan nuena baino paseo luzeagoa dago); eskerrak beroak artean ez zuela estutzen.

Goizeko eta arratsaldeko jarduna bazkaltzeko (gehienok itzala bilatu dugu horretarako) eten dugu. Gainontzean, munduko hainbat lekutako animaliak ikusi ditugu, hegaztien ikuskizun ederraz gozatu (hontz bat Jimena eramatear egon da, baina ez diogu utzi), landereekin egindako labirintoan galdu gara (eskerrak Senia eta Yuliiak erreskatatu nautela), Bobsleigh-en jaisten histerikoki egin dugu barre, txalupan ibili gara, ur txirristetan freskatu gara…

Ederra izan da, batez ere elkarrekin egin dugulako.

Itzuleran pentsatzeak tristura apur bat eragin digu, baina bidaian bingoan jokatu (eta agian irabazi) eta ondo pasatzeko aukera zegoela jakiteak pixka bat arindu du aipatu tristura. Mohari etengabe esan behar izan zaio tranparik ez egiteko, eta Gladysi zer esanik ez (kar kar kar); Alazne lerro eta bingo mordoa kantatzeko zorian egon da, baina zerbait okertu zaio beti azken unean; Martha, irabazitako lerroarekin ezin konformatuta, isildu gabe aritu da kantuan; Tatiana, Laia eta Arantza izan dira saridunetako batzuk; Senia ere bai, baina ez dakit merezi zuen, hain du esan "bingo" fundamentu eskasarekin; Emilio… beno, hobeto aipatu ere ez egitea… berriz ere sariarekin doa etxera: susmoa dut Luiscar ez dugula gehiago ikusiko, Emiliok beti eskatuko baitio gurekin txofer bera bidaltzeko.

Donostiara ere puntual-puntual ailegatu gara; nekatuta baina kontent. Beste esperientzia eder bat bildumarako.

Aukera hau baliatu nahi dut datorren ikasturtera artea gur esateko eta, nola ez, txangoetan izerdia bota eta aisialdiko eta kurtura-irteeretan parte hartu duzuen guztioi eskerrak emateko. Plazera izan da, beste behin ere. Datorren urtean, gehiago, jakina.

Udara zoragarria izan!

Xabi Ariznabarreta