Hitzaldia: Minbizi Ginekologikoen Prebentzioa - Kronika

12/11/2022

Larunbatean, berriro elkartu eta unea partekatzeko plazerra ez ezik Mikel Gorostidi doktorea gure artean izateko aukera izan genuen. Mikel Donostia Unibertsitate Ospitaleko ginekologoa da, eta hainbat herrialdetako boluntariotzetan parte hartzen du. Minbizi ginekologikoen arrisku-faktoreak, prebentzio moduak eta minbizion ezaugarriak azaldu dizkigu.

Minbizia kaltetutako zelula batzuen kontrolik gabeko hazkundea dela ikasi dugu eta agertu baino lehen aurreikusi eta saihestu ditzakegula, edo, pronostikoa hobetze aldera, goiz detektatu ditzakegula; beste batzuetan, aldiz, tratatu besterik ezin ditzakegu.

Zerbixeko edo umetoki-lepoko minbiziak giza papilomaren birusen (GPB) du jatorria, zeina harreman-sexualen bidez kutxatzen baita. Preserbatiboak erabilita saihestu dezakegu, eta gure alabak txertatuz, horrela desagerrarazteko. Gaixotasunaren hautemate goiztiarra lortu ahal izango da 25 eta 65 urte arteko emakumeentzako dauden osasun-programak jarraituz gero, non 3-5 urtean behin zitologia egingo baitigute. Alarma-sintometako bat harreman-sexualen ondorengo odol-galera izan daiteke.

Bulbako minbizia, hala nola baginala, giza papilomaren birusaren ondorio izan daiteke, eta genitalen eremuan sendatzen ez den zauri batek susmopean jar gaitzake.

Bularreko minbizia bularrean koskor bat atera bazaigu antzeman dezakegu; horretarako, berebizikoa da hilerokoaren ondorengo egunetan norberak bularrak ukituz aztertzea. Hauek izan daitezke beste adierazle batzuk: titia barruraka sartzea edo titiburutik likidoa edo odola ateratzea. Mina ez da bularreko minbiziaren sintoma bat izaten. 50 eta 69 urte arteko emakumeentzat (edo 40, gaixotasun hau duten ahizpak edo ama badugu) dauden detekzio goiztiarreko programetako mamografietara joatea garrantzitsua da.

Endometrioko kartzinoma hilerokotik kanpoko odo-isurketak daudenean susmatu dezakegu, batez ere menopausian, eta gure sendagilearengana joko dugu balorazioa egin dezan. Hala ere, obulutegiko kartzinoma aurreikusten zaila da eta tratamendua eskatuko du.

Gogoratu osasun-programak jarraitzeak diagnostiko azkarragoa ekarriko duela, hilkortasunaren gutxitzea eta osasun-kalitate hobea emakumeentzat, eta alarma-sintomarik agertuz gero medikuarenera joan behar dugula.

Azkenik, minbizi mota GUZTI hauen prebentziorako ohitura osasungarriak BEREBIZIKOAK direla azpimarratu; hauek dira:

  • Ez erretzea, edo erretzeari uztea, ohitura txar hau badugu.
  • Modu osasungarrian jan: frutak, barazkiak, lekaleak eta arraina jatea, eta prestatutako produktuak, koipetsuak eta gozokiak baztertzea.
  • Ariketa fisikoa ohikotasunez egitea, gure mailan (ibili, korrika egin, bizikletan ...) eta gure adinaren arabera.

Lortzen ez badugu, gaixotasun hau izateko aukerak areagotuko ditugu, beraz... Ekin diezaiogun lanari!

Ohitura osasungarri hauen inguruan hitz egingo dugu martxoan izango dugun hurrengo osasun-hitzaldian. Zain izango gaituzue!

Eva Lasa