Alex Lasa Lamarca
Donostian jaio zen 1996ko martxoaren 30ean. Kazetaritza ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean . Geroago, hainbat herrialdetan freelancer gisa denboraldi bat eman ondoren, Idazketa Sortzaileko Masterra egin zuen Sevillako Unibertsitatean.
Kontakizun laburreko eta mikrokontakizuneko hainbat lehiaketa irabazi ditu, horien artean Eugenio Carbajal Lehiaketaren XIX. edizioa da nabarmenena.
Gaur egun, "Museo de Arte Precolombino e Indígena"-ko komunikazio departamentuan egiten du lan, Global Training programaren bitartez.
Aurtengo RMS I. Literatur Lehiaketako hirugarren saria eskuratu du, euskarako modalitatean "Téliber" lanarekin.
"Téliber"
«Bai, lortzeko gai gara», errepikatzen dio behin eta berriz bere buruari mantra moduko autokonbentzimenduan. Gaur baita gaua. Hirurehun pertsona inguru direla kalkulatzen du, haiek biak barne, duela bost hilabete Gaotik irten eta iritsi berri direnak. Gurugú mendia jaisten ari dira, mugatik hamabost kilometrora. Aurpegi serioak, urduriak; erabateko isiltasuna. Moussak eskua estutzen dio. Dar-dar estua.
Makurtuta, Abdoulayek azken argi-bolada laranja pasatzen uzten du, eta orduan oroitzen da nola Ousmanerekin txikitan basamortuan frantsesez 'verse in' erara hitz egiten jolasten zuen, bestelako mundu bat irudikatuz. Herrixkan, haien haurtzaroko begiradetan, ez zegoen mugarik bezalako kontzepturik, ezta herrialderik ere, irribarre eta opariekin hartzen zintuzten lurraldeak bakarrik. Lurra, iturri eta fruta helduak zituen tamaina oparo bat zen. Orduan 'breli' sentitzen zen eta bere buruan barreak eta bake-danborrak besterik ez ziren entzuten. Ousmane hiru anaietatik zaharrena zen. Pista galdu zioten basamortua zeharkatu zutenean. Aurrezkiak anai txikientzako garraio seguruago batean gastatu zituen, eta bera Tuareg kamioilariekin igo zen. Ez zuten berriz ikusi. Harrezkero, Abdouk anaia zaharraren ardurak hartu zituen.
Moussak besotik tira egiten diola ikusten du. Nekatuta dago, dio. Hankak minduta ditu. «Pixka bat gehiago», erantzun dio Abdouk. «Ia iritsi gara. Pixka bat gehiago». Esku-ematea iztultzen dio, tinko, begietara begira. Haiengan beldurra ikusten du. Irribarre egiten dio, sorbaldatik irmo helduz. Kemena ematen saiatzen da. Datorkionerako adorea. Horretarako ez dago prestatuta. Ez dago inor. Ezinezkoa da prest egotea horrelako zerbaitetarako.
Egunsentiko argiaren lehen zirrikituak burdin hesien artean sartzen dira. Egunak argitu du, eta berak eta beste dozena batek soilik jarraitzen dute bigarren hesiari igota, alanbrez eta arbastatzeko hortzez joria dagoen burdinezko sei metro zorrotzak eskalatu ondoren. Bere anaiak ezin izan dio jende-jausiari eutsi. Zapalduta hil da, zanpatuta; itota. «Azkar, ihes egiten ari da!», oihukatzen du errefortzuz iritsi berri den guardia zibil batek. Abdouk ez du ulertzen, jasan behar izan duten guztiaren ondoren, kolpeka hiltzen dituzten polizien begi ankerretan islatzen den gorroto distiratsua. Berriro oihu egiten dio jaisteko, eta berak, negar egiteari utzi gabe, begiak itxita, etengabe errepikatzen du: «Téliber, téliber».
Alex Lasa Lamarca